Usurbilgo gazteen harrera Urdiñarbeko lagunei: "Topa egin dezagun ipar eta hegoagatik"

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 17a, 10:14

Igandeko Maskarada Eguna, bi herrien arteko etengabeko hartuemana izan zen. Goizeko barrikadetan antzeman zen hobekien. Udaletxetik abiaturiko kalejiran etengabeko bidelagun izan ziren usurbildar eta urdiñarbetarrak. Baita geltokietan ere; lehenengo geldialdia Olanoeneko plaza izan zuten.

Orbeldi Dantza Taldeak eta Urdiñarbeko lagunen emanaldi ederra eskaini zuten lehen geldialdi honetan, Kantu Taldekoen eta Usurbilgo kopla kantarien saioarekin batera. Usurbilgo herriak jan edana ere eskaini zien. "Hemen dituzue Usurbilgo herriak maitasunez eginiko opilak eta Aitzaga eta Txiribogako ostatuek emandako sagardoa. Baina jaten hasi aurretik, topa egin dezagun, iparra eta hegoagatik". Txotx eginez ospatu zuten bi herrien arteko topaketa. Eta bi herriek kantuan amaitu zuten Maskaradako lehen unea.