Laboaren Uztailari ekiteko, eMeren kontzertua 22:00etan

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 4a, 10:34

Bueltan datorkigu sortzaile handiaren omenez uda partean ospatu ohi den zikloa. Uztaileko ostegun gauak, Mikel Laboari eskainitakoak izango ditugu 2019. urte honetan ere. Musika talde zein bakarlarien emanaldiez gozatzeko aukera izango dugu bere omenezko plazan. Hasteko gaur (uztailak 4) 22:00etan, eMe!

Uztailaren 4tik 25era luzatuko da zikloa. Tartean, lau emanaldi ostegun gauero. eMe talde usurbildarrak abiatuko du kontzertu sorta. Satelitik, Pelax eta MICE etorriko dira hurrengo asteetan Usurbila.

LABOAREN UZTAILA
Tokia:
Mikel Laboa plaza.

Uztailak 4, osteguna
22:00 eMe.
Haritz Harreguyk, Nora Izagirrek eta Ruben Caballerok 2016an osaturiko taldea. Haritz Harreguy ibilbide luzeko musikaria da. Larrua Truk eta Sen taldeetako gitarrajole eta kantu-sortzaile izan zen. Gaur egun, errekonozimendu handiko soinu teknikaria da. Bere alde sortzailea, ordea, ez du sekula baztertu eta eMe proiektua da horren erakusgarri. Ruben Caballero musikariarekin eta Nora Izagirre kantariarekin batera osatu duen taldea da eMe. Beleak elurretan diskoarekin, gaur-gaurko pop musikaren esparruan itsasoratu dira. Ez da pop elektronikoari hertsiki lotutako diskoa. Ez da soilik synth pop. Dance lan batetik oso urruti dago. Baina badu guztietatik zerbait. Gaurkotasun handiko pop musika, lau hitzetan esanda. Haritz Harreguyk Usurbilen duen estudioan mimo handiz egina. Informazio gehiago: badok.eus/euskal-musika/eme/beleak-elurretan/

Uztailak 11, osteguna
22:00 Satelitik.
"Beran sortutako folk musika taldea. Satelitik taldea Le Trois Satelite taldearen formazio haunditu izanaren izen aldaketatik dator. Larrungo gainetan lanean batu eta lanetik ihesteko hasitako proiektua da. Besteak beste, Dama eta Borrokaneko taldeetako jendea ere biltzen du talde honek. Musika akustikoa da, akordeoia eta kontrabaxua nagusi direlarik". Informazio gehiago: satelitik.bandcamp.com/releases

Uztailak 18, osteguna
22:00 Pelax
"Pelax bakarka. Aurtengo maiatzean diska berria atera duen arren oraingoan bakarrik eta bere bilakaeran zehar sortutako abesti guztien errepaso bat egingo du, bertsio eta inprobisazioren bat ere tartekatuz". Infomazio gehiago: pelax.bandcamp.com

Uztailak 25, osteguna
22:00 MICE.
"Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero Miren Narbaizak bere bakarkako bideari ekin dio. MICE izenpean kaleratu du bere debuteko lana. Zortzi kantu, zortziak bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa. Napoka Irian hasi zen Miren musikaren munduan, Ander Mujikarekin batera makina bat kontzertu, bost argitalpen eta hamaika bizipen konpartituz. Ordutik ez da geldi egon, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split taldeetan ere ikusi ahal izan dugu gitarra, teklatuak eta ahotsarekin lagunduz. Orain, besteekin konpartitzeaz gain, bere barrurako bidaia egiteko tenorea iritsi zaio, bere lanik eta pertsonalena".
Informazio gehiago: badok.eus/euskal-musika/mice/mice/