#Usurbilgojaiak19 Estitxu Berasategik eta Esther Arrojeriak abiaraziko dituzte festak, ekainaren 28an

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 21a, 11:55

Bera Berako eskubaloi jokalariek abiaraziko dituzte Usurbilgo jaiak ekainaren 28an. Gazte Eguna ospatuko da txosnetan, multikirol festa edota bazkariarekin. Frontoian estreinakoz haurrenarekin batera, helduentzako pintura lehiaketa ospatuko da. Festetako lehen eguna borobiltzeko kontzertu gaua, Larrian Gozo, NAO, Willis Drummond eta Dj Seymarren eskutik.

Bi kirol hitzorduk girotuko gaituzte festetarako bezperan, ekainaren 27an; azken asteotan jokoan izan den pala txapelketak eta oraingoan aurreratu egin duten haurrentzako BTT biziketa irteerak. Horrekin batera, Sebastopol Dantza Eskolak eta Muxurbil Antzerki Taldeak antolatuta, "Dantzipuinak", izenburuak dioen moduan, Europako eta ekialde hurbileko dantza eta ipuinak uztartzen dituen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu Sutegin. Ipuin kontalari gisa ariko da Ixabel Agirresarobe usurbildarra.

Gazte Eguna 
Hori guztia ekainaren 27an, festen atarikoa girotzeko. Biharamunean hasiko dira ofizialki jaiak, 19:00etan udaletxeko balkoitik Bera Bera eskubaloi talde txapelduneko kide Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategi herritarrek jaurtiko duten txupinazoarekin. 

Txupinazoa girotzeko ekitaldirik ez da faltako aurretik. Txosnetan Gazte Eguna ospatuko da; azken ostiral gauetan frontoian jokatu den multikirol txapelketari lotutako festarekin. Bazkaria gero, adi txartelak aurrez eskuratu beharko dira ohiko tokietan. Bazkalostean Andoni bakarlaria eta Elektrotxufla elektrotxaranga.

Bitartean, frontoian haur, gazte eta estreinakoz, baita helduentzako ere pintura lehiaketa! Aurten lehen aldiz, adin tarte guztietako herritarrei zuzenduriko ekimena izango dugu. Hasi buruari eragiten; Usurbilgo festetatik gustukoen duzuen hori marraztu beharko da. Marrazketarako materiala bertan banatuko dute. Amaieran, sariak irabazteko aukera.

Txupinazoaren ostean, Orbeldi Dantza Taldekoen emanaldia frontoian, eta txarangak kalez kale: Elektrotxufla eta Arraiketai, musika gau luzerako sarbide lanak egingo dizkigute. Larrian Gozo, NAO, Willis Drummond eta Dj Seymarrekin egingo dugu larunbatak esnatu arteko bidea.

USURBILGO JAIAK
Ekainak 27, osteguna
17:30 
Pala Txapelketa. Kirol egokituen erakustaldia, emakumezkoen finala eta gizonezkoen finala.
18:00 Haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik.
20:00 Dantzipuinak Sutegin. Doan.

Ekainak 28, ostirala
11:00 
Multikirol festa.
14:00 Gazte Eguna: gazte bazkaria txosnetan.
Bazkalostean, Andoni bakarlaria.
15:30 Haur, gaztetxo eta helduentzako Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da).
Ondoren, pintura lehiaketako sari-banaketa.
18:00 Elektrotxufla Elektrotxarangarekin kalejira udaletxera.
19:00 Txupinazoa eta ikurriñaren igoera udaletxetik: Estitxu Berasategi eta Esther Arrojeria Bera Berako eskubaloi jokalarien eskutik.
19:00 Gazte ekimena eta txupinazoa txosnetan eta Elektrotxufla elektrotxaranga segidan.
Ondoren, Arraiketai txarangarekin kalejira.
Ondoren, buruhandiak txistulariekin.
Jarraian, herriko dantzarien emanaldia frontoian.
23:00 Berbena: Larrian Gozo frontoian.
00:30 Kontzertuak txosnetan: NAO, Willis Drummond eta DJ Seymar.