#Usurbilgojaiak19 Euskal presoen eskubideen aldeko deialdiak, Umeen Eguna eta gaupasa ekainaren 29an

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 21a, 11:54

Iaz bezala haurrei zuzenduriko eskaintzak bi egun izango ditu Usurbilgo jaietan, lehenengoa estreinakoz larunbatez, ekainaren 29an. Egun berean iragarri dira euskal presoen eskubideen aldeko festetako hitzorduak ere. Eta gau luzean murgilduko gaituzte Santixabelek; amaieraraino heltzen direnak argazki baterako bilduko dira hurrengo goizean.

Ekitaldi gehien bilduko dituen jai egunetakoa izango dugun ekainaren 29a, haurrei zuzenduriko ekitaldiekin abiatuko dugu. Estreinakoz udaletxeko plazan biltzeko deia egin zaie etxeko txikienei. Bertan dantza batean eta zapi koadrodunekin elkartu eta gero, guraso talde batek adin tartearen arabera antolaturiko eskaintzan murgildu ahalko dira. LH 1-4 arteko ikasleak ginkanan. “Taldeak gelaka izango dira, beraz, gela bat, talde bat”, ohartarazi du antolakuntzak. Prestaketa lanak errazteko gela bakoitzak “kolore jakin bateko zerbait ematea (kamiseta, zapia, txapela…) eskertuko genuke”. Koloreokin agertzea eskatzen dute: 1A horia, 1B berdea, 2A zuria, 2B urdina, 2C arrosa, 3A beltza, 3B morea, 4A gorria, 4B laranja.   

LH5-DBH2 bitarteko gaztetxoek erronkako jolasetan parte hartuko dute. 10:00etan udaletxeko plazara agertu behar dute partaideek, bestela 10:30etan Oiardo Kiroldegi atarira. Hitzorduotarako aurrez eman behar da izena. Halere izena ematerik ez duenak, agertu dadila hilaren 29an 10:00etan udaletxeko plazara. Azkenik, 0-5 urte artekoentzat puzgarriak izango dira frontoian.


Zikiro janerako txartelak agortuak
Jolasen goiza amaitzerako abiatuko dituzte euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldiak; kantu-jira Kuxkuxtu txarangarekin¡, zikiro-jana (txartelak agortu dira. Txartelak ezingo dira itzuli ekainaren 28tik aurrera) eta ekitaldia. 

Bestalde adi; otsaileko Jubilatu Astearen baitan herriko adinekoek Sutegin estreinatu zuten “Goazen Benidorrera” antzezlan arrakastatsua ikusi ez bazenuten, hilaren 29an Tarsi Martinez, Isi Navarro, Maitere eta Pako Alkorta, Jone Agirrezabala eta Kattalin Arzaflusen ibilerez gozatzeko aukera izango duzue. 

Eta festetako bigarren gau luzerako kontzertuak noiznahi; Zaparra eta E.T.S. frontoian, Skasti eta DJ Jotatxo txosnetan. Eta tartean, ez galdu gauerdian Usurbilgo batukada feministaren emanaldia! 

Goizera arte luzatuko da festa giroa, Enzefalogramo Elektrotxarangaren eskutik. Eta amaieraraino heltzen diren guztiek, une ahaztezin hau betirako erretratatua utzi ahalko duzue, Bordatxo ondoko errotondako urteroko talde argazkira gerturatuta.

USURBILGO JAIAK
Ekainak 29, larunbata
10:00 
Ume-gazteei harrera udaletxeko plazan. Zatoz koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!
Umeen eguneko erronkak eta jolasak.
10:30-12:30 Ginkana (LH1-LH4 bitartekoentzat).
10:30-12:30 Gaztetxoentzako erronka (LH5-DBH2 bitartekoentzat). Oiardo Kiroldegitik abiatuko da.
10:30-12:30 Puzgarriak frontoian 0-5 urte artekoentzat.
11:00-12:00 Helduentzako Santixabel Bola Txapelketa irekia Askatasuna plazako bolatokian.
12:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantujira Kuxkuxtu txarangak lagunduta.
14:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko zikiro-jana Askatasuna plazan.
16:30 Gaztelekuaren eskutik, ur eta zikin jolasak DBH1-ekoentzat Artzabalen.
18:00 Buruhandiak trikitilariekin.
18:00 “Goazen Benidorrera” antzezlana Artzabalen.
18:30 Sokamuturra, ikastola aurreko belardian. Eguraldi txarra bada, Ikastolako patio borobilean.
18:30 Ray Fernandez kubatarraren kontzertua txosnetan.
19:00 Zero Sette Jaiband eskusoinu taldea Artzabalen.
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia Olanoeneko plazan, Potxoenea ondoan.
23:00 Kontzertuak frontoian: Zaparra eta E.T.S.
00:00 Batukada feminista txosnetan.
02:30 Txosnetan: Skasti eta DJ Jotatxo.
06:00 Enzefalogramo Elektrotxaranga.
Ondoren, gaupaseroen argazkia.