#Usurbilgojaiak19 Ekainaren 30a, herri kirolei eskainitako eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 21a, 11:53

Lasto altxatze eta ingude txapelketak arratsaldean, goizez Gipuzkoako 2. mailako Aizkora Txapelketa. Herri kirolei eskainitako eguna izango dugu ekainaren 30a. Eta gauez, Natali frontoian, Ezetaerre eta Dj Bull txosnetan.

Ekitaldiz josia izango dugun larunbataren ondotik, izerdi patsetan amaitzera igaroko gara biharamunean, ekainaren 30ean. Usurbilgo jaietako hirugarren egunean kirol hitzorduak nagusituko dira goizean goizetik; urpekaritza saioa ospatuko da Oiardo Kiroldegian. Dema plaza berriz, herri kirolen eskenatokia izango da egun osoan zehar; goizean, Gipuzkoako 2. mailako Aizkora Txapelketa ospatuko da. Arratsaldez, lasto altxatze eta ingude txapelketa, idi demarekin batera.

Tartean, jubilatuak bazkaritarako bilduko dira Atxega Jauregian. Agortu ez badira, gaur dute otordura joan nahi dutenek txartelak erosteko azken eguna Gizarte Zerbitzuetan eta hiru jubilatu elkarteetan; Usurbilgo Gure Pakean, Santueneko Gure Elkartean eta Aginagako Arraten.

Bapo jateko aukera izango da baita txosnetan, urteroko patata tortilla txapelketan. Bertan sukaldatu, eta sukaldaturikoa bertan dastatzeko aukera izango da.

Eta indarberrituta, jaietako hirugarren gauean murgiltzeko aukera; Natalirekin frontoian eta txosnetan, Ezetaerre eta Dj Bullekin.

Ekainak 30, igandea
06:00 
Enzefalogramo Elektrotxaranga.
Ondoren, gaupaseroen argazkia.
09:00 Esnadeia dultzaineroekin.
11:30 Urpekaritza Kiroldegian.
11:30 Azpeitiko zanpantzarrak.
12:30 Herri-kirolak: Gipuzkoako 2. mailako Aizkora Txapelketa 2019.
14:00 Jubilatuen bazkaria Atxega Jauregian.
18:00 Buruhandiak dultzaineroekin.
18:00 Patata tortilla lehiaketa txosnetan.
18:30 Arraiketai Txaranga.
18:30 Herri-kirolak: 
-Gipuzkoako lasto altxaratze txapelketa. 
-Gipuzkoako ingude txapelketa. 
-Idi dema.
23:00 Natali taldea frontoian.
00:30 Ezetaerre eta Dj Bull txosnetan.