Xua Gurasoekin Etxera

10 urte bete dituzte espetxean, jada kalean behar luketen Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrek

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 22a, 20:59

Igande honetan (ekainak 23) beteko dituzte 10 urte espetxean Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideek. 12 urteko zigorraren hiru laurdenak beteta, kalean behar zuten jada. Halere gaurkoz 2021eko ekainerako dute finkatua irteera data. 

Hamarkada honetan hamaika bidegabekeria bizi beharrean aurkitu dira Olatz eta Patxi. Hemen, larunbat eguerdi honetan jendaurrean aurkeztu duten "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek gogora ekarri dituzten 10 urteotako hainbat gertakari eta bizipen:

10 urte espetxean
2009/6: Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epaileak agindutako polizia operazioaren baitan. Atxiloketaldian tratu txarrak salatu zituzten.
2009tik: espetxeetan urrundak eta bananduak izan dituzte dituzte urte askotan; Soto del Realen, Valdemoron, Brievan, Foncalenten eta Picassenten.
2011/11: Foncalenten ezkondu ziren Olatz eta Patxi. Hilabete baino lehen banandu zituzten berriz.
2016/11: Olatz haurdun zela Picassenteko amen modulura eraman zuten.
2017. urte hasiera: Olatzek gertutik bizi izan zuen espetxe kide zuen Sara Majarenasen alaba Izarren aurkako erasoa. Izarren ostean, Xua izango da orain gurasoengandik bananduko duten lehen haurra. 
2017/1/19: Xua jaio zen Valentziako ospitalean. Patxiri erditzean egon ahal izatea ukatu zieten. Amona Mari Karmen biloba ezagutzeko 600 kilometroko bidaia egin eta neumoniak jota ingresatu behar izan zuten ospitalean. Hilabetetik gora izan zuten zainketa berezietan.
2017/2/8: hiru aste lehenago jaiotako alaba Xua ezagutu eta Olatzekin egon ahal izan zuen Patxik. 
2017/2: Olatz, Patxi eta Xua Picassenteko espetxean dira. Ama alabak emakumezkoen moduluan 24 orduz elkarrekin, Patxi gizonezkoen moduluan. Patxik astean bitan fikus ditzake Olatz eta Xua.
2020/1/19: Xuak hiru urte beteko ditu. Gurasoengandik bereiziko dute.