Egunotako beroaldia gure arteraino helduko da

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 26a, 08:08
Artxiboko irudia.

Barnealdean alerta laranjan izango dira asteazken eta ostegun honetan beroaldiagatik. Gure inguruan abisu horian izango gara ostegunean 12:00-21:00 artean; 34 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu.

Uda beteko lehen beroaldi egunak gainean ditugu jada. Bereziki barnealdean nabarituko duten arren, inguruotan ere tenperaturak gogotik egin du gorantz egunotan. Asteazken eta ostegun honetan alerta laranjan izango dira barnealdean, 38-39 gradutarainoko tenperatura oso altuengatik. Gure inguruan bihar (ekainak 27) izango gara abisu horian 12:00-21:00 artean "tenperatura oso altuengatik". 34 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu. 

EGUNOTAKO IRAGARPENA
Ekainak 26, asteazkena
"Asteazkenean hego-haizea ibiliko da gurean eta tenperaturak nabarmen egingo du gora. Goizetik aurrera bero handia egingo du. Kostaldean beroa ez da hain itogarria izango eta maximoak 31 edo 32 ºC inguruan geratuko dira, barnealdean, ordea, 37 ºC-ren bueltan izango dira eta baliteke Nafarroa hegoaldeko zenbait lekutan 40 ºC ingurukoak izatea. Ilunkeran tenperaturak behera egingo du eta amaieran giroa atseginagoa izango da. Ilunabar aldera kostaldean haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin. Eguzkitsu, arratsaldean bero-hodei batzuekin; goizaldean eta goizean goiz isurialde atlantikoan behe-hodeiak ere agertuko dira".

Ekainak 27, osteguna
"Ostegunean tenperatura gradu pare bat altuagoa izango da eta bero handia egingo du nonahi, baita kostaldean ere. Barnealdeko tenperatura altuenak 35-40 ºC artean kokatuko dira eta Nafarroa hegoaldean baliteke 40 ºC-ko muga gainditzea. Kostaldean tenperatura maximoak 33 ºC ingurukoak izango dira. Goizean eguzkia jaun eta jabe, arratsalde-gau partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira. Baliteke kostaldean lanbroa eta behe-hodeiak agertzea tarteka. Hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da berriro, bolada gogorrekin barnealdean. Arratsaldearen amaieran kostaldean mendebal/ipar-mendebaldera aldatu eta asko zakartuko da".

Ekainak 28, ostirala
"Ostiralean iparraldeko haizea nagusituko da ipar isurialdean eta beroaren arintzea ekarriko du, aldiz Ebro ibarrean hego-ekialdeko haize biziarekin jarraituko dute, bero zakarrarekin. Hegoaldean zerua nahiko garbi egongo da, baina kantauri isurialdean hodeiak ugaritu eta pixkanaka lainotzera egingo du. Tenperatura maximoek nekez gaindituko dituzte 30 ºC-ak eta kostaldean 25 ºC-ak. Aldiz Ebro ibarrean bero itogarriarekin jarraituko dute, maximoak 40 ºC ingurukoak izango dira eta minimoak ez dira 20 ºC-tik jaitsiko".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus