Usurbildik Arantzara oinez abiatu dira, UEMA-ren Salto! udaleku ibiltariko partaideak

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 26a, 12:30

Arantzara bidean dira jada, Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) antolaturiko udalerri euskaldunetako gazteen udaleku ibiltariko partaideak. Martxoan izena eman zuten 14-18 urte arteko 60 gazte inguru abiatu dira gaur Usurbildik oinez Arantzara. Bidean, Oiartzunen eta Beran egingo dituzte geldialdiak. 

Usurbilgo kultur altxorrak ezagutzeko tarteka Usurbilgo Udalak antolatzen duen Harria Hitz bisita gidatuan parte hartuz hasi dute eguna. Hamaiketako ederra dastatu ostean, taldeko argazkia atera eta Arantzarantz (Nafarroa) abiatu dira, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), udalerri euskaldunetako (euskararen indizea %70etik gora duten udalerriak) gazteentzat antolaturiko Salto! udaleku ibiltarietan izena eman duten 14-18 urte arteko 60 bat gazte, "UEMAren hezkuntza arduradunarekin eta arduradun izango dituzten beste bost begiralerekin batera".

Bi fase izango ditu udalekuak. Ostiralera arte udaleku ibiltaria izango da; asteazken honetan Oiartzunera helduko dira. Ostegunean Oiartzunetik Berara eta etzi (ekainak 28), Arantzara eta bertan igaroko dute asteburua. Bisitatuko dituzten herriotan, ekimen ezberdinak izango dituzte; Oiartzunen, zirkoa, igerilekua eta kantu-afaria gaur. Beran, bertso bazkaria, triki-martxa eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua herriko plazan. Eta Arantzan, ur jolasak, gaubela, herri kirolak eta arnasguneen tailerrak.


"Gazteak kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua", Usurbilgo herria kide duen UEMA-ren esanetan. Mankomunitatearen "ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, euskararen arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Ildo horren baitan, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiarazi zuen UEMAk duela hiru urte, soziolinguistika edukiak modu integralean eskoletan txertatu nahian, gazteak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain".

Udalekuok Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta aipaturiko herrietako udalen laguntza jaso dute. "Baliabideak jarri dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko".