#Usurbilgojaiak19 Udalbatza, jaien hasierara eta soka-dantzara gonbidatua

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 26a, 13:14

2019-23 legealdiko udalbatzaren lehen osoko bilkura ate joka ditugun jaietan murgiltzeko gonbitarekin borobildu zuten. Ostiraleko txupinazoan eta Santixabel Eguneko soka-dantzan parte hartze zuzena izango dute udal ordezkariek.

Ostiral arratsaldean (ekainak 28) 19:00etan abiatuko dira ofizialki Usurbilgo 2019ko jaiak, udaletxeko balkoitik Estitxu Berasategi eta Esther Arrojeria Bera Bera eskubaloi talde txapelduneko jokalari herritarrek jaurtiko duten txupinazoarekin. Etxeko bi kirolariek hartuko dute hitza ekitaldian, baita haiekin, Agurtzane Solaberrieta alkate berriak ere. Jaien hasiera ekitaldian, balkoi horretan egoteko gonbita luzatuz amaitu zuten astearteko legealdiko udalbatzaren lehen osoko bilkura. 

Jaien hasieran soilik ez, uztailaren 2ko soka-dantzan ere parte hartze zuzena izango dute udal ordezkariek. Prestaketa lan betean dira jada. Aldaketarik ez bada, PSE eta EHBilduko ordezkariek parte hartuko dute, ohi bezala, Usurbilgo jai egun handian, uztailaren 2ko Santixabel egunez, eguerdiko 12:00etan udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan ospatuko den soka-dantzan. Soka-dantzaren ostean, ohi bezala, salda eta loreak banatuko dituzte Hurbilago Usurbilgo merkatari eta ostalarien elkarteko kideek. 

Jai egitaraurako bi eskaera
Legealdi berri honetako udalbatzaren lehen osoko bilkura amaieran, galdera eta eskaeren atalean hain zuzen, jaiak hartu zituzten ahotan EAJ-ren ordezkariek. Batetik, egitarauan meza txertatzea eskatu zuten, "gero norberak erabakiko du joan edo ez" zioen Josune Urkola bozeramaileak. Bestalde galdera moduan planteatu zuen Carlos Perezek ia zergatik dagoen egitaraua euskara hutsean. 

Mezari dagokionez, erabakiok Jai Batzordearen bileretan hartzen direla ohartazi zitzaien udal gobernu taldetik. Bilera irekiak direla eta bilgune horretan egiten dituztela herritar nahiz eragileek, nahi dituzten proposamenak eta bertan hartzen direla horien gaineko erabakiak ere. Egitarauari dagokionez, etxez etxe banatzen dena euskara hutsean dago bai, elebitan sarean eskura daiteke, edo Potxoeneara joan eta bertan eskatuta. Udalak euskararekin duen konpromisoaren baitan eta erdaldun elebakarrentzat ere ulerterraza izan eta egitarauan adierazitakoa ulertzeko egin beharreko ahaleginean kokatzen zuten, azken urteotan egin den moduan, aurtengo egitaraua ere euskara hutsean etxez etxe banatu izana.