Usurbilgo jaiak

#Usurbilgojaiak19 Salaketa eta informazio mezuak dituzten kartel moreak, eraso matxisten aurka

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 27a, 14:40

Indarkeria matxistak erantzuna kalean du, Usurbilgo jaiak abiatzear diren honetan. Ostegun honetan kartel moreez josia agertu da festa gunea, mezu argigarri, salaketa mezu eta babes hitzekin. Kaxkoan barrena osteratxoa egiten baduzue, puntu moreak nonahi aurkituko dituzue.

"Gora ligoteo sanoa!", "Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua da", gisako mezuak irakur ditzakegu kartel moreotan. Informazio mezu argigarriak baita; zer den eraso matxista bat, halako eraso baten helburua zein den, hilketa matxisten inguruko datu latzak...

Aldarri argiak biltzen dituzten kartel moreak: jaietan "nire gorputzak ez du zure iritzirik nahi", "jaietan ere matxismorik ez", ezta arrazismorik eta LGTBIQ+ fobiarik ere. Eta "Matxismoaren aurrean, autodefentsa feminista" rako deia egiten da.

Eraso matxisten aurrean, erasotuarentzat mezua. "Ez zaudete bakarrik. Gerturatu besoko morea duten pertsonengana. Zuekin gaude!". Hainbat pertsona aurkituko dituzue jaietan besoko morearekin. Erasotua izan edo eraso baten lekuko izan denak berarengana gerturatu eta laguntza eskatu ahalko dio.