Usurbilgo jaiak

#Usurbilgojaiak19 Beroaldia tarteko, izerdi patsetan ospatu zen BTT bizikleta irteera arrakastatsua

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 28a, 09:27

Gaztetxo mordoa batu zituen guraso eta antolatzaileekin batera, Kaxkoan barrena egindako osteratxoak. Artzabalen amaitu zuten BTT bizikleta irteera, ginkana txiki batekin.

Frontoitik abiatuta Anerreka inguruak zeharkatu eta Artzabaleraino osteratxoa osatu zuten ostegun arratsaldean ospatu zen BTT haurren bizikleta irteerako parte hartzaileek. Arrakastatsua izan zen parte hartze aldetik. Atzokoan ordea beroa izan bidelagun. Aspaldiko egun sargoriena egokitu zitzaieen BTT irteerako parte hartzaileei. Halere gustura osatu zuten irteeratxoa. Eta entretenigarria bereziki, Artzabalgo zelaian eta frontoian antolatzaileek prestatu zieten ginkana txikia.

JAIETAKO DATOZEN KIROL HITZORDUAK
Herri kirolen igandea
Herri kirolen plaza izango dugu Usurbilgoa igandean. Tradizioari hutsik egin gabe, txapelketa ezberdinen lekuko izango ditugu jaiok ere. Igande goizez, Gipuzkoako 2. mailako Aizkora Txapelketa ospatuko da 12:30etan hasita. Arratsalde partean, herrialde mailako beste bi txapelketa; 18:30etan, Gipuzkoako lasto-altxatze eta ingude-txapelketak. Idi-dema iragarri dute segidan. 

Multikirol festa
Ostiral gau giroa bizitu du frontoian asteotan Aztarrika gazte mugimenduak antolaturiko Multikirol txapelketak. Giro ezin ederragoan aritu dira ekimenean izena eman duten gazteak eskubaloian, futbolean eta hockeyan. Jaietara hedatu dute ekimena; multikirol festa antolatu dute ekainaren 28rako 11:00etan txosnetan. Gazte egitarauko lehen hitzordua izango da.

Urpekaritza saioa Kiroldegian
Jaien zurrunbilotik pixka bat aldendu eta freskatzeko hitzordu ezin aproposagoa. Igande goizean, urte luzez ospatzen den urpekaritza saioa antolatu dute Oiardo Kiroldegian. Ekainaren 30ean, goizeko 11:30etan. Igerileku eraberrituan!

Bola txapelketak
Helduena ekainaren 29an 11:00etan, haurrena uztailaren 1ean 16:30etan. Askatasuna plazako bolatokian noski. Izena unean bertan emanda parte hartu ahalko da.

Eskupilotako finalak
Palarenarekin batera, Usurbilgo Pilota Txapelketa jokatu da asteotan. Amaierara heldu da; finalak uztailaren 2an 17:30etan.