Xua Gurasoekin Etxera

#Usurbilgojaiak19 "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimena laguntzeko material salmenta jaietan

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 28a, 10:48

Xua eta gurasoak elkarrengandik bereizi ez eta jada kalean behar zuten bi urteko haurraren guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga alabarekin etxera etortzeko lan egingo duen herri ekimena aurkeztu zuten joan den larunbatean Askatasuna plazako parkean. Hamaika deialdi iragarri dituzte hilabeteotarako. Tartean, herri ekimena laguntzeko arropa salmenta postua jarriko dute jaiotan. Eta adi maskotari!

Ostiral arratsalde honetan, txupinazoaren ostean eta afalaurretik txosnen eremuan jarriko dute postua. Eta bihar (ekainak 29), euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde Potxoenea ondoko Olanoeneko plazan egingo den ekitaldian. Gogoan izan bihar deialdi gehiago ere izango direla; 12:00etan kantu-jira Kuxkuxtu txarangarekin Mikel Laboa plazatik. Eta gero, zikiro-jana Askatasuna plazan; txartelak agortuak daude. Txartelak erosiak dituzuenok jada ezingo dituzue itzuli. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik helarazi diguten beste oharra; larunbatez iragarriak dauden euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldiak tarteko eta jaietan gaudela kontuan izanda, hileroko azken ostiraleko elkarretaratzerik ez da izango gaur (ekainak 28).

Ekimen gehiago udazkenean
"Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren baitan, deialdi gehiago iragarri dituzte udazkenetik aurrera. Halere, adi jaiotako maskotari. keinu argia egin eta bere egingo du "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren aldarria. "Aurtengo jaietako maskotan Xuak bere lekua izango du. Askatasun eza, gurasoekiko maitasun lotura goxoa eta askatasunerako giltza irudikatuko duena. Azken batean bere egoera islatzen duena", azaldu dute "Xua Gurasoekin Etxera" ekimeneko kideek.

Maskotarenaz gain, ekimen gehiago iragarri dituzte uda osterako: sinadura bilketa kanpaina, Usurbil eta Orioko irudidun postalak Olatz, Patxi eta Xuari bidaltzeko deialdia, mozio aurkezpenak Usurbilgo eta Orioko Udaletan, Orio eta Usurbilgo artisten eskutik abesti aurkezpena...

"Xua Gurasoekin Etxera" ekartzeko herri ekimena martxan
12 urteko espetxealdiaren hiru laurdenak beteak dituzten arren, Usurbildik 600 kilometrora Valentziako Picassenteko espetxean dituzte preso oraindik Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Igandean 10 urte beteko dira atxilotu zituztenetik. Olatz eta Patxirekin bizi da haien alaba Xua ere. Hiru urte beteko ditu 2020ko urtarrilean eta espetxetik irten beharko du. Gurasoengandik urrunduko dute. Halakorik gerta ez dadin, Xua eta gurasoak bereizi ez ditzaten eta hiruren etxeratzea gauzatzearen alde lan egingo du joan den larunbatean, haien Usurbilgo eta Orioko lagunek Askatasuna plazako parkean aurkeztu zuten "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak. 

"Isilik eta geldirik egon ezin dugulako, talde bat lanean ari gara injustizia hau salatu eta konponbidea ematea eskatzeko". Albiste honi atxikitako bideoan duzue aurkezpen ekitaldia osorik.

"Jarri ixa handi bat zuen herrian"
Hainbat ekimen bideratuko dituzte hurrengo hilabeteotan. "Aurrerantzean, ixa erraldoi bat egitera animatu nahi zaituztegu. Xuarekin batera Olatz eta Patxi Euskal herrian nahi ditugulako. Etxean nahi ditugulako, Usurbilen eta Orion. Jarri gizatasunezko ixa bat zuen bizitzan. Jarri solidaritatezko ixa bat zuen bihotzetan. Jarri justiziazko ixa bat zuen etxean. Jarri ixa handi bat zuen herrian", luzatu diete gonbita herritarrei.

Argi gogorarazi ziguten, Xuak, Olatzek eta Patxik, hirurak eta elkarrekin, aske eta etxean behar dutela jada. "12 urteko zigorraren hiru laurdenak ondo beteak dituzte dagoeneko. Espainiako legediaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete. Legez libre behar lukete baina giza legerik ez duen kartzela politika lotsagarri honen hiru biktima gehiago dira". 

"3 urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio"
Urtarrilean bereizi ditzakete, urtarrilaren 19an Xuak hiru urte betetzean. "Espainiako legearen arabera, ezingo du espetxean jarraitu. Xua etxera etorriko da behin betiko. Berri zoragarria denak, ez du dena gozotik izango" ordea, ohartarazi zutenez. 

"2017ko urtarrilean jaio zen Xua Picassenteko espetxean. Han daude gaur egun baina laster banatuko da familia, Xua Euskal Herrira etorriko baita urtarrilean eta gurasoek preso jarraituko dute. Banaketa benetan gogorra izango da", iragarri zuten.

Gogorra eta bidegabea. "3 urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio", salatu zuten agerraldian. Legediak argi zehazten du egin beharrekoa. Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta jada kalean behar luketela jakinda, "bere gurasoek ere etxera etorri beharko lukete alabarekin batera. Zergatik ez eurekin ere legea bete? Noiz arte eduki behar dituzte kartzelan bahituta? Zenbat gehiago sufritu behar dute? Alaba ikastolara eramatea, handik jasotzea, parkean jolastea, irakasleekin bilerak, alabarekin lagunak ezagutzea, aita eta ama izatea noiz arte galarazi behar diete?", galdetzen zuten "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren sustatzaileek.