Usurbilgo jaiak

#Usurbilgojaiak19 Jubilatuen festa egun handia

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 30a, 15:18

Jubilatuen egun handia gaur Usurbilgo jaietan. Herritar helduenen kolektiboa Atxega jauregian bildu da festetako bazkaritan. Goraino bete dute jangela. Giro eta lagun arte ederrean bizitzen ari dira eguna.

Jubilatuek festetako hitzordu nagusia dute gaurkoa; urtero biltzen dira bazkari eder baten bueltan Atxegan. Aurtengoa igande honetan ospatu dute. Usurbilgo Udalak eta Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek antolaturiko otorduak leporaino bete du jauregiko jangela.

Bazkaltzen hasi aurretik Gure Pakeako lehendakari Asentxio Lizasok eskerrak helarazi dizkie larunbat arratsaldean Artzabalgo frontoian, Tarsi Martinez, Isi Navarro, Maitere eta Pako Alkorta, Jone Agirrezabala eta Kattalin Arzallus seikoteak eskainitako "Goazen Benidorrera" antzezlana ikustera joandakoei.

"Legealdi honetan proiektu oso garrantzitsuak ditugu esku artean"
Bertan izan da baita udal ordezkaritza bat ere. Bazkalaurretik alkate Agurtzane Solaberrietak hartu du hitza. Pozgarritzat jo du halako ekitaldi batean parte hartzea. "Oso argazki ederra da Atxegako jangela jendez gainezka ikustea", adierazi die bazkaltiarrei, urtero hitzordu honetara gonbidatzeagatik eskerrak helaraztearekin batera. 

Eskerrak helarazi dizkie baita festen parte izateagatik, jaiak "ez direlako bakarrik gazteentzat, hemen ere izpiritu gaztea badago, zuek ere bazarete festetako protagonistak". Festen antolakuntzan, Jai Batzordean ere parte hartzen dute eta esker ona agertu die Solaberrietak. Festez gain, urtean zehar egiten duten lan handia aitortu die, "eta horrek erakusten du zuen kolektiboa, bizi bizi dagoen kolektibo bat dela, eragile aktiboa zaretela eta udal ordezkariontzako ezinbesteko interlokutorea".

Orain arte bezala, aurrera begira elkarlanean aritzen segitzeko deia egin die. "Badakizue legealdi honetan proiektu oso garrantzitsuak ditugu esku artean. Nekez aterako ditugu proiektu horiek aurrera zuen laguntzarik eta elkarrekin lanik egin gabe".

Edozein kasutan, elkarlanerako deia festen ondorenerako uzteko nahia agertu du, jaietan baikaude. "Urte osoko neke, arazo eta betebeharrak alboratzeko eta gozatzeko unea da. Ondo pasa eta gora Santixabelak!".

Ondoko argazkietako batean, alkate Agurtzane Solaberrieta Atxega jatetxeko buru Mikel Garmendiarekin ikusiko duzue. Mikelek esan digunez azken urtea du Atxegan.