Usurbilgo jaiak

#Usurbilgojaiak19 Herriko batukada feministak erritmo biziekin hartu du plaza bart

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 30a, 18:29

Lau hormen baitan aritu dira azken aldi luzean entseatzen. Batukada tresna gisa hartuta ahalduntze lan betean. Eta jaiotan, bart gauerdian irten dira kalera. Plaza hartu eta emanaldi ikusgarri eta hunkigarria eskaini zuten. Tartean, ezustekorik ere eman zioten lagun bati; azken legealdian parekidetasun eremuko zinegotzi eta bidelagun Josune Estella Arranz omendu zuten. 

Zaparra herriko musika taldeak azken kanta amaitu eta berehala piztu zituzten antortxak, eta entzun ziren lehen burrunba hotsak. Ainara Sarasketak zuzenduriko Usurbilgo batukada feminista frontoi erdira sartu eta plaza hartu zuen. Jende mordoa batu zuen bueltan. Batukadaren erritmora egin zuten, pilotalekutik txosnetarako bidea. Erritmo bizi eta alaian. Emanaldi ikusgarria eskainiz. 

Eta txosnetan heldu zen ezustekoa. Jai giroaz gozatzen aritu eta jakinaren gainean ez zen taldearen bidelagun garrantzitsu eta estimu handiko bat omendu nahi izan zuten, azken legealdian, Usurbilgo Udaleko parekidetasun eremuko zinegotzi izan den Josune Estella Arranz. 

"... kaleak hartu ditugu eta herria gure egin dugu beste behin. Duela bi urte ekin genion bideari eta ahaldundu, saretu, formatu egin gara. Etsaiak izan baino elkar babesteko hautua egin eta elkarren ahizpak garela ohartu ginen. Ohartu ginen ere guk hasitako bidea zerbait handiagoaren parte dela. Ez ginela soilik gu eta orain, gure aurretik eta gure alboan borrokan aritu den emakume oro ginela; gure amonak, amak eta erre zuten sorgin oro. Munduak aditu duen emakume aske bakoitzaren garrasia eta horietako bat bereziki aipatu nahi dugu gaur. Zu josune, ongi dakigulako emakumeongan eta guregan sinesten duzula, gure eskubideengatik, ongizatearengatik eta gure ahotsa galdu ez dezagun borrokatu duzulako. 

Gaur zure lan hori ikusten dugula, eta denen aurrean aitortu nahi dizugu gure lorpenak zureak ere badirela. Usurbil! Jakin ezazue emakume hauek bezalakoak ezinbestekoak direla denok aurrera jarrai dezagun. Eta horregatik gaude gaur hemen, eskertu nahian zure borroka. Eskerrik asko eredu eta bidelagun izan zarelako. Gora borroka feminista!". 

Aurreskua eskaini, lore sorta eder bat oparitu eta besarkadak eman aurretik, aurrera begira zera adierazi zion batukada feministak Estellari. "Espero dugu ereiten lagundu diguzun hazia loratzean gu zutaz gauden bezain harro egotea zu gutaz".