Aisialdiko eta euskarako diru-laguntza deialdietara eskabideak aurkezteko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 5a, 09:05

Aisialdiko begirale edo zuzendari izateko nahiz euskara ikasteko ikastaroak egin dituztenek Usurbilgo Udalaren diru-laguntza deialdietara eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan (uztailak 5) itxiko dute.

Duela aste gutxi kaleratu zituen Udalak behin betiko onartu zituen hainbat diru-laguntzen ebazpenak: gizarte ongizatekoak, kulturakoak, kiroletakoak, nekazaritza eta abeltzaintzakoak, ingurumenekoak... Deialdi berriak iragarri ditu asteotan. Batetik, Kabiene Elkarlan Gunean urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetuko duen Hasiz Hazi beka deialdia; eta aisialdiko begirale edo zuzendari izateko nahiz euskara ikasteko ikastaroak egin dituztenentzat, ikastarook diruz laguntzeko deialdiak.

Hasiz Hazi beka deialdi berria
Kabiene Elkarlan Gunean diruz lagundutako urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzen duen beka deialdi berria iragarri du Usurbilgo Udalak. 2019. urtean enpresa proiektu berri bat duen Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua dagoen ekintzaileari zuzendua dago deialdia. “Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperien­tzi­ak parteka­tze­ko leku bat izango da. Bekadunek ber­tan lanean ari diren kideen esperien­tzi­atik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari”. Horrekin batera, “Beterri-Burun­tza ekinean, enpresak sor­tzen lagun­tze­ko ahol­kulari­tza zerbi­tzu­az baliatu ahal izango dira”. Informazio gehiago, maiatzaren 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edo udaletxean. Eskabideak aurkezteko irailaren 30era arteko epea izango dute interesdunek.

Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntza deialdia
2018-19 ikasturtean ikastarootakoren bat egin duen 16 urtetik gorako usurbildarrak eskatu ahalko du Usurbilgo Udalaren diru-laguntza, ekainaren 24tik uztailaren 5era (bi egunok barne). Horretarako, Usurbilen erroldatua egon behar du, ikastaroa euskaraz egina izan eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea eskatzen da. Baita "ikastaroaren alderdi teorikoa gaindi­tze­a eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lor­tzea. Araututako epearen barnean (2021eko uztailaren 30a baino lehen) titulua lortu ezean, itzu­li egin beharko zaio udalari jasotako dirulagun­tza". 

Aurkeztu beharko duen dokumentazioa: dirulaguntza eskari normalizatua, eskatzailearen NANaren fotokopia, matrikularen ordainagiria, atal teorikoa gainditu izanaren agiria... 

Ikastaroon %50a diruz-laguntzeko aukera eskaintzen du Udalak. Begirale izateko ikastaroen kasuan, gehienez ere 250 euroko laguntza, aisialdiko zuzendari ikastaroaren kasuan, gehienez 170 euroko laguntza iragarri du. Informazio gehiago: ekainaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

Euskara ikasi dutenentzako diru-laguntza deialdia
"Usurbilgo Udalak oso garran­tzi­tsu­tzat irizten dio helduen euskaldun­tze­an eta alfabeta­tze­an eragiteari. Horregatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2018-2019 ikasturtean zehar euskaldun­tze ikastaroetara joan diren Usurbilgo biztanleei bekak emateko". Honenbestez, ikasturte honetan, iazko irailetik aurtengo abuztuaren 31ra arte euskara ikasten aritu diren 16 urtetik gorako Usurbilen erroldaturiko herritarrentzat diru-laguntza deialdia iragarri du Udalak. 

Azken urteon ildotik, Usurbilen euskara doan ikasteko aukera eskaintzen du Udalak. Hain zuzen, matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jaso daiteke (600 euroko mugarekin). Diru-laguntzok jasotzeko ikastaro osoan %80ko asistentzia izatea ezinbestekoa izango da, eta Euskaltegiaren ziurtagiri bidez gutxieneko aprobetxamendua gainditzea. Diruz lagunduko ditu Udalak: HABEk  homologatutako ikastaroak (modulazio ezberdinetakoak, alfabetatze ikastaroak, autoikaskuntza...) eta homologatu gabeak (modulazio txikikoak).

Eskaerak ekainaren 24tik uztailaren 5era (bi egunok barne) aurkeztu ahalko dira, dokumentazio honekin: dirulaguntza eskari normalizatua, eskatzailaren NANaren fotokopia, matrikularen ordainagiria, asistentzia egiaztagiria...