Ia 500 lagun biharko Uxue Trailen izena emanda, apuntatzeko epea 22:00etan itxiko dute

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 5a, 07:16

Azken orduotan gorantz eta gorantz segitzen du izen emate kopuruak. Ia 500 lagun apuntatu dira larunbat goizean ospatuko den Uxue Trail, Usurbilgo lehen mendi lasterketarako. Adi, izen emateko azken eguna duzue gaurkoa (uztailak 5), kronoak.com atarian. Gaueko 22:00ak arteko tartea dago.

Larunbat goizeko 9:00etan abiatuko da frontoitik, Uxue Trail mendi lasterketako partaideak. Andatzako buelta korrika eginez osatzeko bi ibilbide dituzue aukeran: luzea, 20 kilometrokoa, eta mota, 11 kilometrokoa. Baina adi, lasterketa hau solidarioa da, Uxue Martin herriko gaztetxoak duen Phelan-McDermid sindromearen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko eta sindrome honen ikerketarako ahalik eta laguntza gehien biltzeko.

Lasterketan parte hartzeko modu solidarioa ere izango da. Korrika egin gabe, dortsal solidarioa erosteko aukera duzue, norberak erabakitako diru kopuru bat ordaintzearen truke. Ostiral goiz honetarako ia 500 lagunek, zehazkiago esanda, 493 lagunek izena emana zuten bihar ospatuko den Uxue Trail mendi lasterketan. Haietatik 218 lagunek dortsal solidarioa erosia zuten. 133 lagun zeuden 20 kilometroko lasterketan parte hartzeko izena emanda, beste 142 11 kilometrokoa egiteko. 

Ia 500 lagunon artean bestalde, 169 usurbildar, aginagar bat eta sei zubietar zeuden izena emanda ostiral goiz honetarako arestian aipaturiko modalite guztiotan.

Sentsibilizazioa eta elkartasun bilketa
Phelan-McDermid Sindromea ezagutarazi eta gizartea gaixotasun honekiko sentsibilizatzea da lasterketaren helburu nagusia. "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau", berri eman du antolakuntzak. Gaixotasun honi buruzko informazio gehiago, hemen: 22q13.org.es 

Ohartarazi dutenez ordea, "sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke". Laguntzeko bide ezberdinak izango ditugu; batetik, Uxue Trail proban izena eman eta lasterketan parte hartzea uztailaren 6an. Bi distantzietako proba, proba motza edo luzea egin ahalko da. Lasterka aritu nahi baina ezin duenak, badu elkartasuna adierazteko beste modu bat ere; dortsal solidarioa eskuratzea. Alegia, nahiz eta lasterketan ez parte hartu, aipatu sindromearen ikerketara bideratuko den diru ekarpena egin daiteke. Guztia, kronoak.com atariaren bidez.

UXUE TRAIL
Eguna: uztailak 6, larunbata.
Abiatzeko hitzordua: 9:00etan, Usurbilgo frontoitik.
Bi proba aukeran: 
-Luzea: 20 km. Prezioa: 20 euro.
-Motza: 11 km. Prezioa: 15 euro.
-Dortsal solidarioa. Donazioa.
Izen ematea: kronoak.com atarian, uztailaren 5eko gaueko 22:00ak arte.
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte-hartzaile guztien artean.