Natali, Kobetamenditik bueltan: "Denbora luze batean ahaztuko ez dugun eguna"

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 16a, 11:02
Natali taldeko kideak Kobetamendiko oholtza gainean. Argazkiaren egilea: Ibai Arrieta.

Pozik, oso pozik itzuli da igandeko Berri Txarraken kontzertuaren atarian, Kobetamendin emanaldia eskaini zuen Natali taldea. Ibai Arrietak emanaldi unean eta gunean ateratako ondoko argazkiak laburbiltzen du guztia.

Sare sozialen bidez esker oneko eta pozik agertu da. "Eskerrik asko Kobetamendi!! Atzokoa azaltzeko hitzik ez dugu aurkitzen. Denbora luze batean ahaztuko ez dugun eguna! Mila esker #ahotsenea bertan jotzeko aukera emateagatik eta mila esker Ibai Arrieta momentu onenak horrelako argazki ederretan gordetzeagatik!".

Durangoko Azokako Ahotsenea guneak antolaturiko lehiaketara aurkeztu zen Natali. Ahotseneak 8 bakarlari edo musika talde hautatu nahi zituen, uztailaren 14an Berri Txarraken kontzertuaren aurretik, Kobetamendin emanaldia eskaintzeko. Euskaraz abestu eta 2019an diskoa argitaratu izana, hortxe Durangoko Azokako Ahotsenea guneak egin zuen deialdian parte hartu nahi zutenek bete behar zituzten baldintzak. Deialdira, guztira 71 bakarlari edo talde aurkeztu ziren; tartean, aipatu moduan, Natali. Eta Natalirekin batera, Diabolo Kiwi (Nafarroa  Behera), Iont (Araba), Patx & Run (Araba/Bizkaia), Huts (Bizkaia), Dukka (Gipuzkoa), Atzapar (Nafarroa) eta Larra Bideak (Nafarroa) taldeak.

"Garena"
Aurretik, Natali Usurbilgo jaietan entzuteko aukera izan genuen Natali. Gogoan izan, estreinako diska martxoan kaleratu zuela Natalik; "Garena". Ordutik, Euskal Herrian barrena dabiltza Natali Izagirre, Ixak Arruti, Olaia Inziarte, Gorka Mendizabal eta Andres Insua "Garena Tour" aurkezpen biran. Lan berriko abestietako bat, "Zerbait aldatzera doa" izeneko abestiari bideoklipa sortu zioten. Otsailean grabatu zuten inguruotan, herriko hainbat figuranteren laguntzaz. 

NOAUA!k apirilean elkarrizketatu zuen Natali. Esteka honetan duzue bere elkarrizketa: https://noaua.tok-md.com/pdf/779web.pdf

Taldean berri hemen: natalimusika.com