MICE edo Miren Narbaizak borobilduko du Laboaren Uztaila, astebete barru

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 18a, 10:24

Ostegun honetako Unai Pelayo edo Pelaxen kontzertuaren ostean, MICE-k edo Miren Narbaiza Martiartuk borobilduko du zikloa astebete barru, uztailaren 25ean. “Usurbilen diskoa aurkezteko aprobetxatuko dut”, adierazi dio MICE-k NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.

Miren Narbaiza (MICE): “Usurbilen diskoa aurkezteko aprobetxatuko dut”
MICE izenarekin plazaratu zara, nolatan?
Miren Narbaiza (MICE):Izen hori jarri diot hitzak egiten duen soinua gustuko dudalako (maiz).  

Nolakoa izan da kolektiboan aritzetik bakarlari izatera emandako jauzia?
Erronka potoloa izaten ari da, baina inoiz ez dut guztiz bakarka funtzionatzen. Inguruan musikari eta lagun onez inguratzen saiatzen naiz eta nahiz azken hitza nirea izan, erabakiak taldean hartzen ditugu. 

Bakarlari gisa jorratzen hasi ziren bidea, barne bidaia bat ere bada?
Musikan barne bidaia beti dago, bakarlari ala taldean aritu. Bidaiarik gabe ez dago musikarik eta zentzu horretan lan egiteko modua berbera da lehen eta orain.

Zer entzungo dugu Usurbilgo zure kontzertuan?
Usurbilen oraindik ez dut nire proiektua aurkeztu eta beraz diskoa jotzeko aprobetxatuko dut, kasu honetan, bakarka arituko naiz berau defendatzen. Ia bertan elkartzen garen!