Zumarte, adinekoen egoitza edota udal ordezkarien ordainsariak, datorren astearteko udalbatzaren osoko bilkurako hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 18a, 12:09

Udalbatzaren osoko bilkurak ostegunetara aldatzeko erabakia behin betiko onartu artean, hilero azken astearteetan biltzen segiko dute udal ordezkariek. Uztailean berez hilaren 30ean egokitzen zen plenoa halere, astebete aurreratu dute, hilaren 23ra. Zumarte Musika Eskola edota Kalezarko adinekoen egoitza berria izango dituzte hizpideen artean.

Konpontzen eta handitzen ari diren Kale Nagusiko eraikinari dagokionez, "Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko Construcciones Moyua, SL enpresarekin izenpetutako obra kontratua aldatzeko erabakiaren aurrean tartekatutako berraztertze errekurtsoa erantzutea" ahotan hartuko dute udal ordezkariek datorren astearteko (uztailak 23) plenoan.

Etorkizuneko beste proiektu garrantzitsu batean ere urrats berri bat ematekoa da udalbatza; Kalezarko adinekoen egoitza berriaren kokaguneari eragiten dion  "A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuetako kontzertazio-hitzarmena behin betikoz onartzea". 

Hasi berria den 2019-23 legealdiari begirako bi erabaki hartu beharko dituzte; EAJ/PNV udal taldeko zerrendaburuaren arduraldi partzialaz eta udal talde politikoen eta zinegotzien 2019ko ordainsariez erabaki beharko dute.

Ahotan hartuko duten mozio bat ere iragarri du Udalak; berriki Nafarroako erdialdean izandako uholde larrien ingurukoa.

Osoko bilkurak laster, ostegunetan
Gogoan izan, bestelako aldaketarik ez bada behintzat, legealdi honetan ostegunez ospatuko dira udalbatzaren osoko bilkurak. Hala onartu zuten legealdi hasi berri honetako ekainaren 25eko lehen plenoan.  

Udal gobernu talde berritik orain arte bezala hilero azken astearteetan egiten segitzeko agertutako ezintasunagatik, plenoak aurrerantzean hilero azken ostegunetan egitea proposatu zuten. Horretarako ordea ezinbestekoa da udal arautegia aldatzea eta araudia aldatzea onartu zuen udalbatzak. Orain arte bezala hilean behin deituko ditu alkateak ohiko plenoak, baina aipatu moduan aurrerantzean hilero azken ostegunetan. Aldaketa hau behin behinean onartua dago ordea. 30 eguneko erreklamazio epea zabaltzekoa zuten gero, erabaki hau behin betiko onartu aurretik. Erreklamazio edo iradokizunik ez balego, behin betiko onartutzat joko da. 

Eta behin betiko onartutzat jo ostean gauzatuko da plenoak deitzeko egunaren aldaketa. Bitartean, hilero azken astearteetan biltzen segiko du udalbatzak. Hilabete honi dagokionean, hilaren 30ean egokitzen  zen plenoa ordea, astebete, uztailaren 23ra aurreratzea erabaki du Udalak:

OSOKO BILKURA
Eguna: uztailak 23, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai zerrenda:
1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena: 2019/06/25eko akta.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2019ko ekainaren 17tik uztailaren 12ra (2019/0565-2019/0658).
3.- EAJ/PNV udal taldeko zerrendaburuaren arduraldi partziala.
4.- Udal talde politikoen eta zinegotzien ordainsariak 2019an.
5-A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuetako kontzertazio-hitzarmena behin betikoz onartzea.
6.- Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko Construcciones Moyua, SL enpresarekin izenpetutako obra kontratua aldatzeko erabakiaren aurrean tartekatutako berraztertze errekurtsoa erantzutea.
7.- Mozioa: Nafarroako erdialdeko uholde larrien aurrean akordioa.
8.- Galdera-eskaerak.