Harria Hitz bisita gidatua abuztuaren 4an

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 19a, 17:05

Harria Hitz bisita gidatua antolatu dute abuztuaren 4rako, arratsaldez. Donostiako 80. Musika Hamabostaldiko organo kontzertuaren harira, Usurbilgo elizaz gozatzeko aukera izango da. Irailerako beste bi bisita gidatu iragarri dituzte irailaren 7 eta 28rako. Lehenak 60ko hamarkada izango du ardatz, eta bigarrenak marrazketa. 

Hona hemen hurrengo hiru bisita gidatuen gaineko xehetasunak:

Abuztuak 4, igandea 

Musika Hamabostaldiaren barruan antolatuko den Organo kontzertuarekin batera, herrian San Salbatore eliza ardatz izango duen bisita proposatuko dute eta, bide batez, arratsalde-pasa ederra egiteko aitzakia ere bai.

Urkoren abestiak dioen bezala, Usurbilgo elizaren hormak sendoak dira. Eta horma sendo horiek herriko historiaren hainbat pasarteren lekuko izan dira. Mendeak igaro ahala, gizartea eraldatzen joan da, eta honekin batera, herriko ardatza izan den eraikin honen arkitektura eta erabilpenak. Hiribilduaren fundazioa, Erdi Aroko erlijio-ordenak, erretoreen eta herritarren arteko liskarrak, Ameriketan pilatutako ondasunei esker sortutako arte-lanak, edota Usurbilen organo eta organisten garrantziaz hausnartzeko aukera izango da bisita honetan, besteak beste.

17:30 Usurbilgo frontoian elkartu

17:50 HARRIA HITZ-SAN SALBATORE ELIZA bisita berezia

9:00 ARTZABAL JATETXEAN mokadutxoa

20:00 CRISTOPH KUHLMANNen Organo kontzertua. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia 

 

Oharrak:

- Prezioa: 6€

- Hizkuntza: Azalpenak euskaraz emango dira 

- Informazioa eta erreserbak: 688 818 017 / info@kultour.pro

- Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez)

 

Bi bisita gehiago irailean

60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko dituzte irailaren 7rako, larunbatean. Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere. HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu. Horretarako, Txokoaldeko Txalaparta Txokora eta Zumeta Arte Estudiora egingo dituzte bisitak larunbat goizean.

 

Ikasturtea gogotsu eta umorez hasteko irailaren 28an Harria Hitz ekimena proposatu dute. Dzirt-Dzart izena eman diote ekimenari; izenak berak dioen bezala, bat-batean marrazteko saioa da. Hainbat marrazkilari eta aurkezle bat izango dira protagonistak. Marrazkilariak aurkezlearen esanetara marraztuko dute, bertso saioetan egiten den moduan gutxi gorabehera. Ariketa bitxiak burutzen jarriko ditugu komikigileak: minututan neurtutako ariketak, batak bestearen atzetik komikia osatuz segidilla baten gisan… 60ko hamarkadara egingo dute bidaia azken larunbatean ere: tradizioa eta modernitatea uztartzeko beharra, euskal sorkutzarekin konpromezua eta 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere izango dira jorratuko diren gaiak. 

 

Oharrak:

- Hizkuntza: Azalpenak euskaraz emango dira 

- Informazioa eta erreserbak: 688 818 017 / info@kultour.pro 

- Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez)