Usurbilek harrera egin dio "Orain presoak" Sareren bizikleta martxari

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 19a, 18:54

Euskal presoen etxeratzeko aldarri artean heldu eta zeharkatu dute Usurbil ostiral arratsalde honeta, Sarek mugimenduak asteburu honetarako antolaturiko "Orain presoak" bizikleta martxako kideak. Herritar talde batek Atxegalden egin die harrera. Usurbil zeharkatuta, Zarautz alderako bidea hartu dute gero. 

Goizean Luhuson ekin diote hiru egunez luzatuko den bizikleta martxari. IGandean helduko dira Gernikara. Bidean, hainbat herri zeharkatuko ditu Sare mugimenduak antolaturiko ekimenak. Donostia zeharkatu ostean, ostiral arratsalde honetan zeharkatu du martxak Usurbil eta Aginaga, N-634 errepidetik barrena. Txalo eta animu mezu artean, herritar talde batek Atxegalden egin dio harrera bizikleta martxari. 

Ziztu bizian igaro dira elkar agurtuz txirrindulari solidarioak, Aginaga aldera lehenik eta handik Orio alderako bidea hartu dute gero. Zarautzen izango dute lehen etapa honetako helmuga. Hiru etapa izango ditu itzuliak (Luhuso-Zarautz; Zarautz-Lekeitio; Lekeitio-Gernika). Bidean hainbat geldialdi eta ekimen iragarri dituzte.

"Luhuso, non ETAren armagabetzea eta disoluzioa ahalbidetzeko lehen urratsak eman ziren, gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo bilakatu dena eta Gernika, bizikidetzaren eta bakearen eredu eta sinbolo. Konponbidean pausoak emateko unea dela uste dugulako, elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo bilakatu diren bi herri hauek lotu nahi ditugu aldarrikapenez beteriko itzuli batekin", Sarek berri eman duenez. Eta honenbestez, "pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria zabaldu asmo dugu Euskal Herriko herrietan zehar".  

Herri guztiotan euskal presoek egun bizi dituzten urraketak landu nahi dira. Sarek gogorarazten dutenez, "egun oraindik espetxean diren 254 euskal presoetatik %65a 600/1000km-tara urrundua dago eta %21 400/590 kmtara".

Uztailak 19, ostirala: Luhuso-Zarautz
10:00 Lusuhon, itzuliaren hasiera ekitaldia.
10:30 Hasiera Lusuhotik (Ezpeleta-Azkain-Urruña-Donibane Lohitzune-Hendaia).
13:30 Irun Ficoba, bazkaria.
15:00 Irteera Irunetik.
16:15 Donostia. Atsedena hartzeko geldialdia Katalunia plazan.
16:45 Donostiatik irteera (Donostia-Usurbil-Orio).
17:00 Harrera N-634 errepidean, Atxegalde parean.

18:30 Zarautzera ailegatu.
20:00 Afaria Zarautzen.

Uztailak 20, larunbata: Zarautz-Lekeitio
10:00 Itzuliaren irteera Zarautzetik.
10:30 Zarautz. (Getaria-Zumaia-Deba).
12:00 Debatik Pasatu.
14:00 Bazkaria Elgoibarren.
15:30 Irteera Elgoibarretik.
16:30 Markina.
17:30 Lekeitiora iritsiera.
20:00 Afaria Lekeition.

Uztailak 21, igandea: Lekeitio-Gernika
09:00 Lekeitiko plazatik irteera.
10:30 Munitibar.
12:00 Gernikara iritsiera.
12:30 Ekitaldia.
14:30 Bazkaria Astran.

Informazio gehiago: http://sare.eus/orain-presoak/tourra/