Udalbatzak behin betiko onartu du Portalmusu eta Komentuko kontzertazio-hitzarmena

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 24a, 18:57

Atzo ospatu zen ezohiko bilkuran aho batez onartu zuten Portalmusu eta Komentuen kontzertazio-hitzarmena. Alegazioak aurkezteko epea amaitu da, eta halakorik aurkeztu ez dutenez, kontzertazio-hitzarmena behin betiko onartu du udalbatzak. Abuzturako ez du plenorik aurreikusten udal gobernuak.

EAJ/PNV udal taldeko zerrendaburuaren arduraldi partziala

EAJ-ren zerrendaburuaren arduraldi partzialaren proposamenaren aurrean adostasun eza erakutsi du EH Bilduk, argudiatuz ez dagoela aurreko legealditik aldaketa hori emateko pisuzko arrazoirik. Aurreko legealdiko mailari eutsi beharko dio, beraz, legealdi hartako irizpideak jarraiki. Alderdi guztientzat irizpide berak jarraitzea da EH Bilduren argudioen funtsa. Izaera erretroaktiboa Gizarte Segurantzan justifikatzea jarri du mahai gainean EH Bilduk. 

EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu du EAJ-k eta PSE abstenitu egin da.

 

Udal talde politikoen eta zinegotzien ordaindariak 2019an

Aurreko legealdiko ordainsariek bere horretan jarraituko dute legealdi berrian. 50€ko dietak izango dituzte zinegotziek plenoko, 4800€ alderdiek jasoko duten zenbatekoa eta 1.300€ pertsonako irabaziko dutena.

 

Kontzertazio-hitzarmena behin betiko onartuta

A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuetako kontzertazio-hitzarmena aho batez behin betiko onartu dute udal ordezkariek. Ekainaren 5ean onartu eta 20 eguneko epea zabaldu zuten alegazioak aurkezteko eta halakorik izan ez denez, udal ordezkari guztiek onartu dute kontzertazio-hitzarmena. EAJ-k proposatu du komentuan aspaldian gordetako Lurdeseko Ama birjinaren irudia gordetzeko, eta EH Bilduk auzitan jarri du erlijioaren eremu berrian mantentzen jarraitzearen ideia. 

 

Moyua enpresaren obra kontratuan aldaketak

Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko Construcciones Moyua enpresarekin izenpetutako obra kontratuan aldaketak eskatu zituen enpresak; 22 asteko obra luzapena eskatzen zuen enpresak errekurtso bitartez. Aho batez onartu dute aurkeztutako errekurtsoa eta PSE abstenitu egin da.

 

Nafarroa erdialdean izandako uholdeen ostetik elkartasuna

Usurbilgo udal taldeak elkartasuna adierazi die Nafarroa erdialdean izandako uholdeetan kaltetutako herriei eta etxera zihoala autoan harrapatuta hil zen gizonaren familiari. Udalak 1.000€-ko diru-laguntza emango die kaltetutako herriei, diru-laguntzak eskaintzeko ireki dituzten hiru kontu korronteetako batean dirua sartuta. Herritarrak ekonomikoki laguntzera bultzatu nahi ditu udalak, halakorik Usurbilen gertatuz gero jaso nahiko genukeena besteei ematea eskatuta. Eskaera hori egingo die udalak herritarrei. EAJ abstenitu egin da erabaki horren aurrean.

 

Pheland McDermid Fundazioari diru-laguntza

Uztailaren 6an Usurbilen egindako Uxue Trail lasterketa solidarioaren harira, EH Bilduk 1.000€-ko diru-laguntza emango dio Pheland McDermid Fundazioari alkatetzako diru partidatik. Uxue Martin usurbildarrak 9 urte ditu eta Pheland McDermid gaixotasuna dauka. 115 kasu baino ez dira ezagutzen Espainian eta gaixotasun arrarotzat hartzen da. Haurrek behar dituzten sendagaiak lortu eta familiei laguntzeko lanean dihardu fundazioak.