Irailaren 7ko Harria Hitz bisita gidaturako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 27a, 17:12

Hurrengo larunbatean, hilak 7, itzuliko dira oporretatik Harria Hitz bisita gidatuko kideak. Goiz pasa egiteko aukera izango da goizeko 10etatik aurrera. Zumeta Arte Estudioa eta TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokoa ezagutzeko aukera izango da, herriko kale eta monumentu nagusiez gain. Izen ematea zabalik dago info@kultour.pro helbidean edo 688818017 telefonoan. Bisita doakoa izango da, baina taldea gehienez 25 pertsonakoa izango da. Horregatik, ezinbestekoa da aurrez izena ematea.

Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatutako kultura-eztanda eta horren ondorena isladatzen ditu. Harria Hitz ibilibidearekin herriguneko zenbait elementuren bidez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutarazi nahi du,

Usurbilgo frontoian hasiko dute bisita goizeko 10etan, eta inguruak ezagutuko dituzte: Dema Plaza, Udarregiren omenezko eskultura, Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Tapiaren murala, Askatasuna Plaza eta Sagardoaren Monumentua, besteak beste. Hamaiketan Zumetaren Arte Estudioa bisitatuko dute . Jose Luis Zumeta margolariak eta bere alaba Usoak partekatutako espazioan murgiltzeko aukera izango da. Hamabi eta erdietan TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora egingo dute. Bertan, Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko daukaten gunea ezagutzeko aukera izango da. Ordubietarako amaituko da larunbateko bisita.

 Datozen bisita gidatuak

Irailaren 28an egingo dute hurrengo Harria Hitz bisita gidatua. Dzirt-Dzart ekimena proposatu dute. Euskal sorkuntza gai hartuta marrazkilaritzaren inguruko bisita eskainiko dute. Horretarako hainbat marrazkilari eta aurkezle gonbidatuko dituzte bat-bateko marrazkilaritza erakustaldia egiteko. Harria Hitz ibilbidea ere jarraituko dute saio horretan.