Usurbil K.E., Zarauzko Kilometroen aldeko Euskal Herriko Eskubaloi Topaketan

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 30a, 08:48

Larunbatean zehar jokatuko da aipatu topaketa Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegian. Parte hartzaileen artean izango da Usurbil K.E. Infantil mutilen taldeak Zarautzekin neurketa jokatuko du goizeko 10:00etan.

Goizeko neurketak ikusteko sarrera doakoa izango da, arratsaldekoetarako 16:00etatik aurrera erosi beharko dira txartelak Kiroldegiko lehiatilan. Euskal Herriko Eskubaloi Topaketa Zarauzko Kilometroen aldekoa izango da. Gogoan izan, urriaren 6an ospatuko da Gipuzkoako ikastolen jaialdia, aipatu Urolako Kostako udalerrian. Bildutako laguntza Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolara bideratuko dute. 

Larunbateko Euskal Herriko Eskubaloi Topaketan, euskarak, harrobiak eta kirolak bat egitea nahi dute. Egunean zehar, jan edana, zozketak eta sorpresak iragarri dituzte antolatzaileek. Goiz eta eguerdi partean kirolari gaztetxoak arituko dira eskubaloian, arratsaldean helduen txanda; Irisarri eta Zarautzen arteko neurketa emakumezkoetan, Anaitasuna eta Bidasoaren artekoa gizonezkoetan. 

Lurraldetasuna, parekidetasuna, aniztasuna
Urriaren 6ko jaialdira begira hamaika ekimen antolatzen dabiltza Zarautzen, duela 54 urte sortutako ikastolaren alde. Ikastolak hasieratik herritik eta herriarentzat aritu izan dela eta, horrekin bat eginez herri eragileekin elkarlanean hainbat ekimen dira azken hilabeteotan.

"Eskubaloia hain errotuta egonik, eskubaloiaren bueltan zerbait antolatzea pentsatu zuten. Guraso talde baten eskutik lortu zuten Anaitasuna-Bidasoa Asobal Ligako bi taldeak Zarautzera ekartzea. Harago joan ziren, ordea. Ikastolaren oinarri batzuekin bat eginda, beste ardatz batzuk ere landu nahi zituzten. Horrela sortu zen Euskal Herriko eskubaloi topaketa", berri eman dute antolatzaileek. 

Topaketa parekidea izango da, Euskal Herriko osoko ordezkaritza bilduko duena, eta aniztasunaren ispilu izango dena. Neurketen artean, bat dibertsitate funtzionala dutenek jokatuko dute.

KILOMETROEN ALDEKO EUSKAL HERRIKO ESKUBALOI TXAPELKETA
Eguna: abuztuak 31, larunbata.
Tokia:
Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegia.

09:00-10:00 Infantil neskak: Orio – Zarautz.  
10:00-11:00 Infantil mutilak: Usurbil – Zarautz.  
11:00-12:00 Kadeteak neskak: Malkaitz – Burlata – Zarautz.  
12:15-13:30 Jubenil mutilak: Urduliz – Zarautz.
15:30-16:30 Aniztasun funtzionala: Barakaldo.
17:00-19:00 Helduak neskak: Irisarri – Zarautz.
19:30-21:00 Helduak mutilak: Anaitasuna – Bidasoa.

Sarrera: goizeko saiorako doan, arratsaldekoak 5 euro helduentzat, euro bat 14 urtetik beherakoentzat. 16:00etatik aurrera lehiatilan salgai. 

Informazio gehiago eta irudia: kilometroak.eus