DBH-ko ikasleak itzultzen lehenak ostiralean, Udarregi Ikastolara

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 5a, 08:07

Oporraldiko azken orduak dituzte Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleek. Ostiral honetan izango dute 2019-20 ikasturtearen aurkezpena, eta astelehenetik aurrera klaseak. Irailaren 9an abiatuko dute ikasturtea gainerako zikloetako ikasleek.

Ikasgeletako ateak irekitzear dira. Oporretatik liburu artera itzultzen lehenak, Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleak izango dira. Ostiral honetan (irailak 6) izango dute aurkezpen eguna. Irailaren 9an abiatuko da 2019-20 ikasturtea gainerako zikloetako ikasleentzat.

Udarregi Ikastola
Irailaren 9an hasiko dute ikasturte berria HH eta LHko ikasleek, 9:00-12:30 artean. DBH-koek lehenago, ostiral honetan (irailak 6) izango dute aurkezpen eguna 11:00etan. Informazio gehiago: udarregi.eus 

Lanbide Eskola
Irailaren 10ean hasiko dituzte klaseak, baina bezperan, hilaren 9an izango dute aurkezpena, ikastetxeko areto nagusian:
10:00 Erdi mailako zikloetako lehen ikasturteko ikasleentzat.
10:15 Goi mailako zikloetako lehen ikasturteko ikasleentzat.
10:30 Bigarren ikasturteko ikasleentzat.
16:00 Eskaintza partziala areto nagusian.
Informazio gehiago: 943 364 600 / lhusurbil.eus

Aginaga eta Zubietako Eskola Txikiak
Gipuzkoako Eskola Txikiek ere irailaren 9a (astelehena) dute 2019-20 ikasturtea abiatzeko eguna. Informazio gehiago: eskolatxikiak.eus

Zumarte Musika Eskola
Ikastetxeekin batera, irailaren 9an abiatuko dute ikasturte berria Zumarte Musika Eskolakoek. Hala jakinarazi dute, zumarte.eus atarian. Gogoan izan, 2019-20 ikasturterako matrikulazioa aurreko udaberrian bideratu zuten. Aurreko ikasturtean bezala, Kale Nagusiko eraikina birgaitze eta handitze lan betean dutenez, behin behineko tokietan bilduko dira musikariak. Klaseak Udarregi Ikastolan, Santueneko frontoi atzeko edota Puntapax kaleko lokaletan eskainiko ditu Zumartek.

2019-20 ikasturtea, datorren astelehenean, irailaren 9an abiatuko dute. "Gela-ordutegiak berrantolatu ditugu", ohartarazi du musika eskolak web orrialde bidez. Klaseen antolaketa modu honetan bideratu dute aurtengoan:
-Udarregi Ikastolako eraikin gorrian: Musika Txokoa, Musika Mintzaira 1.A (Araitz)/4.A (Amagoia), abesbatza, klarinetea, pianoa, trikitixa, panderoa.
-Agerialdeko eraikin txurian: Musika Mintzaira 1.B-2-3-4.B (Joxean),  biolina, tronpeta, tronboia, eskusoinua, saxofoia, talde instrumentala, txaranga, txistua (haurrak).
-Santueneko frontoiko lokalean: perkusioa, gitarra, rock-pop taldeak.
-Puntapax kaleko lokalean: bulegoa, irakasle gela, flauta, txistua (helduak).
-Elizan: organoko klaseak.

Informazio gehiago:
943 371 594
zumarte.eus
bulegoa@zumarte.eus
Puntapax kalea, 10 behea