Gazte argazkia 20:00etan Aitzaga atarian, larunbateko Bilboko manifestazioari babesa adierazteko

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 13a, 07:04

Ernai Usurbilek deituriko hitzorduan aterako duten talde argazkiaren bidez, astelehenean epaitzen hasiko diren 47 euskal herritarrei eta haien aldeko larunbateko Bilboko manifestazioari babesa adieraziko diote. Hitzordua gaur (irailak 13) 20:00etan Aitzaga atarian.

Gogoan izan bestalde, astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioaren baitan,  euskal presoen eskubideen alde eginiko lanagatik epaitzen hasiko diren 47 euskal herritarrei babesa adierazteko larunbatean Bilbon deitua dagoen manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu dela Usurbilen. Larunbat arratsaldeko 15:00etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi paretik. Izen ematea aurrez ohiko tabernetan bideratu da egunotan.

Gogoan izan, fiskalak guztira 601 urteko espetxe zigorra eskatu du irailaren 16an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen hasiko diren euskal presoen eskubideen alde lanean aritutako 11/13 sumarioan auziperatuak dauden 47 euskal herritarrentzat. 

Haiek babestu eta abiatzear den makroepaiketa salatzeko hainbat ekimen iragarri dira Euskal Herri luze zabalean. Auziperatuei babesa adierazteko "Irtenbidera, etorkizuna askatu" kaleratu duten manifestuak argi dio, "epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu". Konponbidera begira den herri hau atzera eramango duen egoerarik onartzeko prest ez dagoela ohartarazten du. Etorkizuna elkarrizketaren bidez eta eskubide oro errespetatuta guztion artean eraiki beharrekoa dela nabarmentzen du. 47 epaituak babestuta, Euskal Herriko "euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan" babesten ari garela dio manifestuak. Testuinguru honetan deialdi argia luzatzen du. "Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da".

Eta manifestu berak, irailaren 14rako 47 euskal herritarroi babesa adierazteko Bilbon deitu den manifestazioarekin bat egiten du. 

Irailaren 16an hasiko den epaiketa gutxienez hiru hilabetez luzatuko dela aurreikusten dute. Defentsa juridikoak, Madrilerako joan etorriek, egonaldiek eta salaketek eragingo dieten 350.000 euroko gastuari aurre egin beharrean aurkituko dira 47 auziperatuak. Horregatik, laguntza ekonomikorako deia egin dute. Diru ekarpenetarako ondoko kontu zenbakia ireki dute: ES82 3035 0057 9205 7005 9033 (Laboral Kutxa).

DATOZEN DEIALDIAK
Irailak 14, larunbata
15:00 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegi paretik Bilbon deitua dagoen manifestaziora. Izen ematea ohiko tabernetan, irailaren 12ko arratsaldeko 16:00ak arte.
17:30 #47akherrian manifestazioa Bilboko Kasillatik. 

MANIFESTUA: Irtenbidera, etorkizuna askatu

47 euskal herritar epaituak izango dira datorren irailetik aurrera eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:

47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu.

Euskal jendarteak aurrera egin nahi du eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da. Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi. Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.

Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.

Jendarte berri bat eraiki nahi dugu, sinistuta baikaude urteotan garatu ditugun baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea izango direla bestelako herri bat sortzeko zimendua: norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetoan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita.

Horregatik, hau sinatzen dugunok ez gara epaituak izango diren 47 lagun hoiengatik soilik ari. Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara. Horregatik honakoaren bitartez, epaiketa hau salatzeaz gain irailaren 14 manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.

Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da.

Informazio gehiago: https://11-13makroepaiketa.eus