Gazte argazkiarekin eta Bilboko manifestazioan adierazi diete babesa usurbildarrek, gaur epaitu dituzten 47 euskal herritarrei

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 16a, 11:06

Astelehen honetan epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritar 11/13 sumarioaren baitan, euskal presoen eskubideen alde eginiko lanagatik. Egunotan elkartasun uholdea jaso dute han eta hemen. Usurbildarrek ondoko gazte argazkiaren bidez eta larunbateko manifestazioan adierazi zieten elkartasuna. Badirudi akordio batekin borobildu litekeela epaiketa: Fiskaltzak auziperatuentzat eskaturiko 601 urteko espetxe zigorra hilabete batzuetara mugatu eta gehienek ez dute kartzelara joan beharrik izango.

Hortxe hedabideak azken orduotan berri ematen ari direna Madrilen; akordioa 11/13 sumarioari lotutako epaiketan. Saio laburra izan da eta akordioarekin amaitu da. 47 auziperatuek leporatzen zaizkien delituak onartu eta hasiera batean Fiskaltzak guztira eskatutako 601 urteko espetxe zigorra nabarmen murriztu dute. 47 lagunetatik 45ek espetxea saihestuko dute. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza hilabete batzuetarako espetxera ditzakete. 47ak Euskal Herrira bidean dira.

Epaiketa honen harira elkartasun uholdea jaso dute 47 auziperatuek azken aldian. Usurbilen, joan den ostiralean "zuekin gaude" babes mezu argiaren bueltan, Ernai Usurbilek deituta ondoko talde argazkia atera zuten plazan, biharamunean, Bilbon deitu zen manifestazioan bat egiteaz gain. Bizkaiko hiriburuko mobilizazioan parte hartu zuten beste hainbat herritarrek. 

Auziperatuei babesa adierazteko "Irtenbidera, etorkizuna askatu" kaleratu duten manifestuak argi dio, "epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu". Konponbidera begira den herri hau atzera eramango duen egoerarik onartzeko prest ez dagoela ohartarazten du. Etorkizuna elkarrizketaren bidez eta eskubide oro errespetatuta guztion artean eraiki beharrekoa dela nabarmentzen du. 47 epaituak babestuta, Euskal Herriko "euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan" babesten ari garela dio manifestuak. Testuinguru honetan deialdi argia luzatzen du. "Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da".

Informazio gehiago: https://11-13makroepaiketa.eus