Esperientzia Eskolak gaur abiatuko du ikasturte berria

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 17a, 09:32

Gaurtik aurrera, asteartero bilduko dira 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko eskolako kideak, 16:00-18:00 artean Artzabalen.

Esperientzia Eskolako kideak dituzue taldeko kideetako batek Maria Jesus Etxeberriak ateratako argazkian. Aurreko ikasturte amaieran, Nafarroa aldera egin zuten egunpasako irudian. Ikasturte berria gaur bertan (irailak 17) abiatuko dute. Asteartero elkartuko dira 16:00-18:00 artean Artzabalen. Gogoan izan, 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako hezkuntza eskaintza dugula Esperientzia Eskola. Jakinmina, ikasteko gogoa modu erakargarri eta praktikoan asetu nahi dutenek hauxe dute eskaintza egokia. “Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: arnasketak, osasun-zainketa, komunikazioa, informatika, musika, literatura eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik izan beharrik”.

Ikasturte berria astearte honetan abiatu arren, Usurbilgo Udalak eta Matiak kudeatu eta antolaturiko eskolan izen emateko epeak zabalik jarraitzen du. Informazio gehiagorako deitu 943 377 110 telefono zenbakira edo Gizarte Zerbitzuetako egoitara gerturatu.