Euskaraldiak arrasto nabarmena utzi zuen

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 13:14

20 puntu egin zuen gora euskararen erabilerak Euskaraldiko 11 egunetan, eta hiru hilabetera “proportzio altuan eutsi egin” zitzaien ekimeneko 11 egun horietan abiarazitako hizkuntza ohiturei lotutako aldaketei. Hala diote, aste hasieran jendaurrean aurkeztu duten Euskaraldiari buruz eginiko ikerketako emaitzek.

Zenbakitan oso argi azaldu dute sustatzaileek, Euskaraldiak iraun zuen "11 egunetan 20 puntu igo da euskaraz dakitenei euskaraz egiteko joera". Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera, "abiapuntuko maila baino 5,6 puntu gorago geratu da". 

Hala diote Euskaraldiko sustatzaileek iazko urte amaieran 225.154 lagunek Euskal Herrian egin zuten ariketa kolektibo hari buruz egin duten ikerlanaren emaitza nagusiek. Aste hasieran aurkeztu zituzten. Gogoan izan, ikerketak hiru fase izan zituen; Euskaraldia abiatu aurretik, amaitu berritan eta handik hiru hilabetera egin zuten neurketa, ekimenak parte hartzaile izan zituen Ahobizi eta Belarriprest-ei helarazi zitzaizkien galdetegien bidez.

Hizkuntza ohiturak euskalduntzea zuen xede nagusia Euskaraldiak. Helburua bete den edo ez, plazaratu berri den ikerketak argitu digu. "Euskaraldia gai izan da hainbat harremanetan hizkuntza jokaera berriak finkatzeko".

Gipuzkoa, gazteak eta Belarriprest-ak
Herrialdeka, euskara gehien Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian erabili da. Aldiz, erabileran hazkunde handiena, "euskaraz gutxien erabiltzen zutenak zeuden eramuetan nabaritu da, Araban, Bizkaian eta Nafarroan". Adin tarteei erreparatuz gero, gazteak nabarmentzen ditu ikerketak. "16-24 urte arteko gazteak Euskaraldian zehar euskara erabiltzeko joera handiena erakutsi dutenak izan dira, baina era berean horiek izan dira Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera jaitsiera handiena izan dutenak ere". 

Ahobizien parte hartzearekin batera, Belarripresten irudia ere goraipatzen du Euskaraldiko ikerketak. "Euskaraldiak Belarripresten jokaera aktibatu du beren konpromisoak eskatzen zuenetik harago, Euskaraldiari esker euskara gehiago erabili baitute". 

Euskaraldiaren indarguneei dagokienez, parte hartzaileek haientzat jabekuntza ariketa izan dela diote. "Ohartu dira norberak uste baino gutxiago erabili ohi duela euskara, bai eta inguruan dauden euskaldunak uste baino gehiago direla ere. Taldetasuna sortu da, eta parte hartzaileek babesa sentitu dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean".

Halere, Euskaraldiko mezuak euskal komunitatetik erdaldunera behar bezalako jauzia ez duela eman ohartarazten du. "Bestetik entitateen aldetik engaiamendu falta sentitu duenik ere bada. Ekimenari babesa agertu arren, hizkuntza erabileran aurrerapauso handirik ez dute erakutsi entitate horiek praktikan".

Emaitza hauek aztertu eta hurrengo ekimenetarako ikasgaiak ateratzeko gonbita luzatzearekin batera, ikerketak 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den bigarren Euskaraldira begira jarri nahi gaitu.  "Orduan izango dugu aukera ikerketan ikasitakoak praktikan jartzeko. Eta bitartean eutsi diezaiogun denok herriz herri antolaketa lanei".

EUSKARALDIAREN GAINEKO IKERKETA
Euskaraldia noiz izan zen: azaroak 23-abenduak 3.
Parte hartzaileak: 225.154 Euskal Herri osoan.
Ikerketan parte hartu zuen herritar kopurua: 18.383. 
Parte hartzaileek egin zutena: 3 galdetegi osatu. Lehenengoa Euskaraldia hasi aurretik, bigarrena amaitu berritan eta hiru hilabete beranduago azkena.
Oharra: galdetegiekin batera, Euskaraldiko ikerketaren egileek, 20 herri hautatu eta bertako antolatzaile eta herritarren artean, 453 lekukotza bildu zituzten.

ONDORIO NAGUSIAK:
-Ariketa egoki gauzatu da. Parte hartzaile gehienak zinez saiatu dira hartutako konpromisoak betetzen.

-Hizkuntza erabilerari dagokionez aldaketa handiak eragin ditu Euskaraldiko 11 egunetan eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldia bukatu eta hiru hilabetera.

-Hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa izan, euskaraz aritzeko ohitura gutxiena izan edota gune soziolinguistikorik erdaldunetan bizi direnek.

-Ahobizi eta Belarriprestek aurrera egin dute euskararen erabileran. Gehien, Ahobizi euskaldun hartzaileak, gero Belarriprest euskaldun hartzaileak, Belarriprest euskaldun osoak eta azkenik, Ahobizi euskaldun osoak.

-Belarriprest figurak aukera onak zabaltzen dizkio Euskaraldiari sektore berriak ekimenera erakartzeko.

-Txapa identifikagarriei esker, Ahobiziek bereziki bultzada handia sentitu dute euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die.

-Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du. "Giro babesle eta irekia sortu du. Hala nola, euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala nabaritu du lasaitasunez jokatzeko eta hainbatek zentzua ikusi dio hizkuntza nagikeria gainetik kentzeko. Zailtasunak zituenak euskaraz egiteko adorea eskuratu du, lotsak eta beldurrak zertxobait zokoratuz. Eta era berean, erdara erabili ahal izatea (euskarazko komunikazioa oztopatu gabe) tresna auto-erregulatzaile indartsua gertatu zaio euskaraz egiteko zailtasunak zituen hainbati".

-Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte hartzaile askori, norbere hizkuntza jokaera "idealizatu" samarra zuen parte hartzaile asko konturatu baita benetan uste baino gutxiago egiten duela euskaraz.

-Zailtasun handienak: euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu; ele biko elkarrizketa ez da parte hartzaileen jokamoldeetan sakon errotu, aurrerapauso interesgarriak ikusi diren arren; solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera egiterakoan deseroso samar sentitu da parte hartzaile asko, bereziki Belarriprest zereginean ibilitakoak.

INFORMAZIO GEHIAGO...
Euskaraldiko ikerketaren txosten osoa hemen: euskaraldia.eus/wp-content/uploads/2019/09/Txostena_EUS.pdf

Informazio gehiago: euskaraldia.eus