"Merkataritzarik gabe, herririk ez"

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 20a, 11:46

Apainduak esnatu zaizkigu herriko saltokietako erakusleihoak. Koloretsu bai, festa giroz mozorrotu dituzte baina izatekotan ere, festa aldarrikatzailea dute gaur. Begira bestela, eskegi dituzten karteletako mezuei. 

"Merkataritzarik gabe, herririk ez", "Nire aukera, Usurbil", "Desberdinak gara", "Usurbilgo merkataritza zure kalean, zure ondoan", bezalako mezuak dituzten kartelekin josi dituzte herriko saltokiak. Kartel koloretsuak, kartelok inguratzen dituzten globoak bezala. 

Merkataritza Festa ospatzen ari dira herriko saltokiak. Ez soilik Usurbilgoak, baita Andoain, Astigarraga, Hernani eta Lasarte-Oriakoak ere. Beterri-Buruntzako tokiko ostalari eta merkatarien elkarte eta udalek bat egin dute, asteartean Astigarragan aurkeztu zuten sentsibilizazio egun honekin. Kezkatuak baitira herriotako komertzioetako salmentetan izan den murrizketagatik. 

Bide honetan jarraitzen badugu, zer galdu dezakegun ohartarazi nahi digute, bizi garen herrian erostera animatzearekin batera. Tokiko merkataritzak eskaintzen digun hurbiltasuna zerbitzuetan, hartuemanetan... nabarmendu nahi dute, eta herri baten bizitzan ezinbestean duten funtzio garrantzitsua. 

“Helburua, erosketak bertako dendetan egitea zein garrantzitsua den jendea sentsibilizatzea eta dendei esker herrian garatzen den bizitza erakustea da" gaurko Beterri Buruntzako udalerrietan deitu den Merkataritza Festaren xede nagusia. Horrekin batera, “jendea jai honetaz gozatu eta ea zer honako herri eredu nahi dugun gogoeta egitera” animatu dute.