Estreinatu berri dugu 89 eguneko udazkena

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 23a, 10:14

Astelehen goizeko 9:50ean sartu gara ofizialki udazkenean. Ordu aldaketa eta zenbait gertakari astronomiko dakartza urtaro berriak.

Hilabeteotako giroa ziurrenik ez, baina ofizialki bai, akabo uda. Astelehen goiz honetan, 9:50ean sartu gara ofizialki udazkenean. Aurtengoan, 89 egun eta 20 orduko iraupena izango du. Abenduaren 22an goizaldeko 5:19an agurtuko dugu, neguaren etorrerarekin. Gaur bertan gauaren iraupena, egunarenaren parekoa izango dugu; 12 ordukoa. Eta aurrerantzean, iluntasun orduek egun argiaren iraupenari koxk egiten segiko diote.

Udazkenak urteroko hitzordua dakar berarekin; erlojuetako orratzen aldaketa. Negu parteko ordutegira egokitu beharko dugu urriko azken igande goizaldean, hilaren 27an. Goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Ordubete gehiago izango dugu gau horretan, atseden hartu nahiz parrandarako. Gogoan izan, ordu aldaketa biziko dugun azken urteak izan daitezke honako hauek. Europako Parlamentuan 2021erako praktika hau ezabatzeko eztabaida betean dira.

2020ko apirilerako Europako estatu bakoitzak udako edo neguko ordutegian geratuko diren erabaki beharko dute. Udakoan geratzea erabakitzen dutenek, baliteke 2021eko martxoan ordutegia azken aldiz aldatzea. Negukoaren aldeko apustua egiten dutenek, 2021eko urrian aldatu beharko lukete azken aldiz ordutegiz. Hori hala izango da, baldin eta Europak ordu aldaketaren praktika ezabatzea erabakitzen badu.

Gertakariak
Hilabeteotako gertakari astronomiko nagusia, azaroaren 11rako iragarri dute. Merkurio planeta eguzkiaren paretik nola igaroko den ikusi ahalko dugu egun horretan. Gutxitan gertatzen omen da fenomeno hau, hurrengoa 2039rako dago iragarria.

Horrekin batera, gerkatariok aurreikusi dira: urriaren 13an udazkeneko lehen ilargi betea; Marte eta Venus planeta ikusteko aukera, leonida (azaroaren 17 aldera) eta geminida (abenduaren 13 aldera) meteoro jasa...