Iñorkiñak taldeak estreinako diskoa aurkeztuko du gaur Patrin

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 27a, 09:16

Iñorkiñak talde usurbildarrak diskoa plazaratuko du hilaren amaieran eta Patrin egingo dute aurkezpen ekitaldia hilaren 27an. 12 abestiz osatutako diskoak, musika tradizionala eta egungoa ditu oinarri. Taldeko lau kideekin izan da NOAUA!, diskoaren xehetasunen berri izateko.

NOAUA! “Ilargi betea” abestia entzungai daukazue jada, baina disko oso bat plazaratuko duzue hilaren amaieran. Zergatik aukeratu duzue kanta hori aurrerapen abesti gisa?
Mikel Alkorta:
Nik uste dut gehienbat Kakik esan zigulako bere ustez diskoko “hit”-a izango zela.
Luken Arkarazo: Guretzat egokiena izango zena aukeratzeko esan zigun. Disko bat ateratzean, aurrerapen gisa beti saiatzen gara kanta onentsuenetako bat aukeratzen. Jendeak entzungo duen lehenengo hari hori, datozenei tira egingo diena.
Beñat Urteaga: Abesti alaia behintzat bada eta horrekin jendea errazago hurbiltzen da.

Zenbat abesti izango ditu diskoak eta zein izen jarri diozue?
M.A.: 12 kantu izango dira, baina diskoak ez du izen konkreturik izango. Taldearen aurkezpen gisara Iñorkiñak izena izango du. 
B.U.: Hori da, lehenengo diskoa homonimo bat da.

Kolaborazioak ere izan dituzue.
M.A.: Guk animatu ditugu gehienak: Natali Izagirre, Ixak Arruti, Joseba Tapia, Igor Alkorta... Irrintzilari bat ere bada herrian parrandetan eta asko ikusi izan dudana eta haren irrintziak asko gustatzen zaizkidana: Igone Goikoetxea. Hari ere esan genion irrintziren bat botatzeko.
B.U.: Behar dugun jendea nahiko gertu badaukagu eta ez dugu urrutira joan beharrik izan.
Jokin Irastorza: Erabat irekia izan da, estilo guztietara moldatuko direnak. Igor panderoarekin aritu izan da beti eta Natali eta Ixak edozein musikatara egokitzen dira. 

Garate Estudio ezagunean egin duzue grabaketa. Zer moduzko esperientzia izan da? Nolakoa da Kaki ekoizle ezagunarekin lan egitea?
M.A.: Oso esperientzia ona izan da. Nire lehen esperientzia izan da estudio batean grabatzen.
L.A.: Diskoaren grabaketa aurretik hasten da prozesua, Kakik produkzio lanak egin ditu: abestiak entzun, produzitu... Entseguren batera ere etorri zen eta abestiren batean eskua ere sartu zuen. Grabaketetan gitarra zatiren bat edo beste egin du. Ez da soilik grabazio teknikaria izan, ekoizle lanetan ere aritu da.
B.U.: Nik uste eroso sentiarazi gaituela. Nik aurretik disko gehiago ere grabatu ditut, baina beti urduri jartzen naiz; zatiren bat ateratzen ez denean mila aldiz errepikatu behar. Oraingoan ez da horrelakorik gertatu, erraz egin dugu dena. Jokin eta biok batera grabatu genituen bateria eta baxua eta horrek ere frexkura ematen dio. Sentsazio oso ona izan da.
J.I.: Etxean bezala aritu gara. Grabatzeko modu horretan ni ere lehen aldiz aritu naiz. Bakarka aritze horrek diskoaren aurkako borrokan aritzea dirudi, baina binaka egite horrek entsegu eta kontzertuen antz gehiago du; ohituago gaude behintzat.

Hiru rockero trikitilari batekin
NOAUA! Nola definituko zenukete zuen proposamena?
M.A.:
Ez dakigu taldea sailkatzen hitz bakar batean. Triki-pop edo izan liteke, rap-a ere sartu dugu, abesti tradizionalak, arin-arinak... hitz batean definitzeko zaila.
B.U.: Nahiko nahasketa kuriosoa egin dugu. Hiru rockero trikitilari batekin elkartu gara [kar, kar, kar]. Tradiziotik hasita gaur arte. Abesti batzuk country kutsua ere hartu dute. Guk entseguetan halako itxurarik ez genien hartu, baina azkeneko emaitza ikustean mendebaldeko film baten antza du.
J.I.: Ez dugu esango ezer berria egin dugunik, baina handik eta hemendik hartutako nahasketak egin ditugu. Etzakit taldearen antzeko zerbait izan gintezke.
L.A.: Abesti batzuk rockeroagoak dira, gitarra gehixeagorekin. Beste batzuk, aldiz, fandango eta arin-arinak dira letrarekin. Denetik dago. Hori bai, 12 abestietatik 4k ez dute letrarik, instrumentalak dira.

______________________________________________________________________________________________________
“Argi utzi nahi dugu talde bat garela, ez erromeria talde bat”
Lehen diskoa 2019an aterako badute ere, taldearen sorrera lehenagokoa da. Trikitilari eta rockero batzuen loturatik sortutako taldeak, kontzertu txikiak ere eman ditu lehenago.

NOAUA! Zergatik Iñorkiñak?
Mikel Alkorta: Iñorkiña garoatik dator. Landare hori erabili izan da urte askotan, koltxoiak egiteko eta Nafarroa aldean iñorkiña deitzen diote horri. Horregatik, diskoaren azalean garoa ageri da.

Taldeak baditu urte batzuk. 2017ko herri galdeketako abestia zuek egin zenuten behintzat.
M.A.:
Hori egin genuen eta agur [kar kar kar]. Sartu dugu diskoan abesti hori, baina letra aldatuta. Sortu ginen Usurbilen Kilometroak festa egin zenean, inguru horretan.
Jokin Irastorza: Erromeria txikiren bat egiteko elkartu izan gara.
Beñat Urteaga: Lehen kontzertua Bertsio Gau batean izan zen. Hortik aurrera pixkanaka gauza txikiak egiteko geratzen hasi ginen noizbehinka eta gaurdaino.
Luken Arkarazo: Mikelek beti izan du gogoa abestiak asmatu eta horiek jazteko. Urteetan gurekin elkartu izan da momentu puntualetan.
M.A.: Azkenean konbentzitu ditut. Diskoa prestatzeko ere Kaki errietan hasi zitzaigun, izango dira pare bat urte diskoarekin bueltaka.

Taldea sortu zenutenetik gaurdaino aldaketak ere izan dira talde kideen artean.
M.A.: Hasiera batean baxuan Aroa egon zen, baina gerora erabaki zuen aurrera ez jarraitzea. Hor gero Beñatekin aurkitu ginen, eta hori izan da fundamentua jartzeko modua.
B.U.: Fundamentuzko norbait falta zitzaion talde honi [kar kar kar].

Zuek talde modura definitzen zarete ala erromeria talde modura?
J.I.: Gu trikitixadun talde bat gara.
B.U.: Huntza edo Esne Beltza ere taldeak dira; trikitixadun taldeak. Ez dira erromeria taldeak. Gozategi estiloko zerbait izan gaitezke. 
L.A.: Argi utzi nahi dugu talde bat garela, ez erromeria talde bat. Gu kontratatzerakoan inork ez dezala pentsa “Txanpon baten truke” edo “Kolore kolore” joko dugunik.
J.I.: Bertsioren bat edo beste jo genezake, baina kontzertua pixka bat jazteko.

Garai batean trikitixa modan egon zen, baina orain egoera apalagoa da. Nola ikusten duzue trikitixa taldeen egoera?
J.I.: Hori Kakik esan zuen oso ondo. Lehen askoz ere gehiago kontsumitzen zen eta sortu ere ugari egiten zen. Denborarekin sorkuntza horrek beherakada izan du eta galdu egin da. Oraindik ere garai hartako musika kontsumitzen da, baina sorkuntzari emanez gero, nik uste kontsumituko litzakeela. Ikusi besterik ez dago Huntzaren efektua.
B.U.: Egia da geratu egin direla talde horiek. Gozategik oraindik ere jarraitzen du, baina ez daukate lehengo lan erritmo bera. Huntza etorri den bezala, musika estiloak indartzen jarrai dezake.
M.A.: Garai batean egon ziren Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider... Geldialdi bat egon da gero. Eskaera nik uste dut oraindik ere badagoela.

_____________________________________________________________________________________________________
“Eguraldia ona bada, aurkezpena terrazan egingo dugu”

NOAUA! Patrin egingo duzue aurkezpena, zerbait bereziagatik?
M.A.: Patrik diru laguntza eman digu diskoaren grabaketarako. Saizar eta Patri izan dira lagundu gaituztenak zentzu horretan, eta Patri aukeratu dugu lehendabizikoa izan zelako laguntza eskaintzen eta herrian kokapen egokia dauka. Gune oso polita da, baina ez da inoiz horrelako gauzetarako erabili. Aukera polita iruditu zitzaigun elkarlanean gune hori aprobetxatzea. Nik uste lehenak izango garela, baina ez azkenak.
J.I.: Sarrera irekia da, baina afaltzeko sarrerak amaituta daude. Sold out. Aurkezpena terrazan egiteko asmoa dugu, eguraldi ona bada.
B.U.: Herrian diskoak salgai jarriko ditugu puntu ezberdinetan, baina oraindik ez dugu erabaki non. Plataforma batzuetara zabalduko dugu diskoa ateratzen den momentuan. Zuzenekoetan ere saldu nahi ditugu diskoak.

Kontzertuak itxita dauzkazue?
M.A.: Airean dago gure etorkizuna. Ez daukagu kontzerturik itxita. Durangoko Azokan jotzeko asmoa daukagu, baina oraindik urruti dago eta ikusi beharko da. Urriaren 19a baino lehen bizpahiru kontzertu ixtea gustatuko litzaiguke.
B.U.: Urtarrilerako bat aurreikusita daukagu, baina oraindik ez dugu itxi ezta ere.
L.A: Denok Patrira etorri edo ahaztu gutaz.