"Dzart-dzart" sortu dute Olariagak eta Larratxek

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 28a, 12:53

"Dzirt-dzart" batean sortu dute Antton Olariaga eta Joseba Larratxe marrazkilariek, Idoia Torregaraik jarritako ariketen harira. Bertsolaritzan bezala, bat batean aritu dira. Zuzenean sortzen, larunbat goiz honetan ospatu den Harria Hitz ibilbide gidatuaren amaieran Potxoenean egin den saio berezi honetan.

Herrian ditugun kultur altxorrak herritarren artean nahiz gure artera datozen bisitarei ezagutzera emateko Usurbilgo Udalak tarteka antolatzen dituen Harria Hitz bisita gidatu berria egin da larunbat goiz honetan. Berezia oraingoan; hitzorduotan osagai berriak sartzen ditu tarteka antolakuntzak. Besteak beste, irteerak Zumeta Arte Estudiora edota Txokoaldeko Txalaparta Txokora. 

Gaurkoan Potxoenean amaitu dute ibilaldia. Gutxitan ikus daitekeen ekitaldiaz gozatzeko aukera izan dute. Herriko hiru sortzaile ezagun bildu ditu hitzorduak; aurkezle lanetan jardun den Idoia Torregarai batetik. Eta berak proposatutako ariketetara jardun duten Antton Olariaga eta Joseba Larratxe marrazkilariak. 

Esandakoa, bertsolaritzan bezala, bat batean, banaka, erlojuz kontra edota buruz buru aritu dira sortze lanetan Olariaga eta Larratxe, publikoarentzat ere parte hartzailea izan den saioan. Irudiotan bildu dugu egin duten lan ederraren emaitza.

Harria Hitz, hurrengo bisita gidatua
Hilabete barru izango da hurrengo "Harria Hitz: Usurbil eta Euskal Kultura garaikidea".

Urriak 26, larunbata
12:30 Harria Hitz bisita gidatua herrigunean.
16:00 Dema plazan Koldo Almandozekin elkartu.
16:05 Argazkipitituak tailerra.
19:00 Amaiera.

Zehaztasunak: "HARRIA HITZ bisitaren udazkeneko egutegia prest dugu dagoeneko. Urriaren 26an izango duzue Harria Hitz ibilbidea egiteko aukera. 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko dizuegu eta, bide batez, egun-pasa ederra egiteko aitzakia ere bai, 12:30etatik aurrera, Harria Hitz bisita gidatua eta arratsaldean Koldo Almandozen Argazpitituluaktailerra eskainiko baititugu Usurbilen. 

HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu: 60ko hamarkadako kultur-eztanda, tradizioa eta modernitatea, euskara, artea, euskal kultura… izango ditugu hizpide.

Koldo Almandozen Argazpitituluak tailerra kale arte jarduera bat da. Oso xumea eta minimala. Herriaren ezaguerarekin, ironiarekin eta zentzu bikoitzekin jolasten duena. Herritarrek egina eta herritarrentzat. Ez du trazarik utziko edo gunerik zikinduko baina herria begi berriekin deskubritzeko aukera emango du, herriko elementu ezberdinei azpitituluak jartzen arituko baikara".

Informazio gehiago eta erreserbak: izen ematea aurrez (5 euro) 688 818 017 edo info@kultour.pro
Plaza kopuru mugatua. Izen ematea aurrez.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.