Bizi duinak eta dagozkien eskubideak betearaztea galdegin dute, Helduen Nazioarteko Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 1a, 13:16

Gure Pakea Elkarteko kideak Artzabal atarian bildu dira eguerdian. Egun seinalatua dute gaurkoa (urriak 1); Helduen Nazioarteko Eguna. Azken urteotan hainbat alditan plaza publikoan egin duten moduan, bizi duinen eta giza eskubideen alde mobilizatu dira. Bereziki gogoan izan dituzte, pobrezia egoeran diren milaka adineko eta pentsiodunak.

Zahartze aktiboarekiko eskubidea, eta oinarrizkoak izan arren guztiz betearazten ez diren beste hamaika eskubide aldarrikatu dituzte Gure Pakea-koek Artzabal atarian egin duten agerraldian. Bat aipatzekotan ordea honakoa; pobrezia egoeran bizi diren kolektiboko kideak hartu nahi izan dituzte gogoan. "Era guztietako pobrezia ezabatzea adinekoen artean", hortxe egin duten eskaeretako bat. Ez bakarra, bitarteko gehiago eskatu dituzte mendekotasun egoerei, isolamendu nahiz bakardadeari, edota gizarte ongizate arlorako. Pobreziarekin batera, adinekoek jasan ohi dituzten tratu txar eta diskriminazioaren aurka jardutea. Medikamentuak doan izatea, oinarrizko zerbitzuak (berokuntza, argia, gasa...) bermatuak izatea, haiei egokitutako bizilekua izatearekin batera. 

Hauek eta eskaera gehiago biltzen ditu, Pertsona Helduen Nazioarteko Egun honi begira Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak kaleraturiko agiriak. Agiri horretako edukiarekin bat egin dute Gure Pakeako kideek. Eskaera guztiok bideratzeko ezinbestekotzat jotzen dute, "pentsioen sistema publikoa blindatzea, pentsiodunei eta adinekoei bizimodu duina bermatzeko".

80 urtekoei omenaldia
Helduen Nazioarteko Egun honetan agerraldian iragarri digute Gure Pakea Elkartekoek, agendan duten hurrengo hitzordua. Urriko lehen igandearekin batera urte luzez egin ohi duten ospakizuna; 2019an 80 urte bete dituzten herritarrak omentzeko ekitaldia antolatu dute. Aurtengoa, urriaren 6an, 14:00ak aldera. Aginaga Sagardotegiaren bazkariak bilduko ditu omenduak, haien senide eta lagunekin batera. Bazkalostean, urtero gisa 80 urte bete dituzten herritarrek oroigarriak jaso eta taldeko argazkia aterako dute.