"Petrolioaren gailurra eta bere ondorioak" hitzaldia eskaini du Antonio Aretxabala geologoak

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 4a, 21:05

"Petrolioaren gailurra eta bere ondorioak" hitzaldia eskaini du Antonio Aretxabala geologoak. Aldaketa klimatikoan kapitalismoaren eragina aztertu ditu Aretxabala geologoak. Kapitalismoaren ereduak etengabe haztea du helburu eta horrek geroz eta energia fosil gehiago xahutzea dakar. Amaitu egingo diren baliabide naturalak eraldatu eta beste energia mota batzuk indartzeko deia egin du hizlariak. Zaragozako Unibertsitateko geologo ikerlaria eta gai honetan aditua da Antonio Aretxabala. Nafarroako geologoen eskola ofizialeko delegatu eta Nafarroako Unibertsitateko arkitektura eskolako laborategiko zuzendari teknikoa izandakoa da besteak beste. Gai hauei buruzko dibulgazio lanetan dihardu egun.

2008tik sufritzen ari garen eta amaierarik gabe pairatzen segiko dugun krisiaren aurrekari izan zen 2005eko “petrolioaren gailurrari” buruz aritu da.  “Krisialdi honek osagai energetikoa du”, Aretxabalaren esanetan. Lotura estua du indarrean den sistema kapitalistarekin eta petrolioarekin.

Baliabide mugatuak dituen planetan bizi eta baliabide hauetako bat baino gehiago azken 200 urteotan gehiegi ustiatu dugula jakinik, krisi sistemiko honek aurrera begira eskenatoki posible hauetako batera eraman gaitzakeela dio Aretxabalak: zibilizazioaren kolapsorantz, hazkunderik gabeko ekonomia geldikorrera igarotzera, edota “kapitalismoak inoiz ezagutu ez duen” desazkunde ekonomikorantz. “Trantsizioa edo kolapsoa, ziklo aldaketa berri baten atarian gara edo kapitalismo globalizatuaren agonia eta gainbehera bizitzen ari gara?”.

Energiaren ehuneko ehuna berriztagarrien izango den errealitatera gerturatu  nahi badugu, bide hori ezinbestean petrolioaren laguntzaz egin beharko dugula dio. Eta une hau horretarako baliatzea proposatzen du. “Petrolioa energia trantsizio hori egiteko baliatu genezake”.


Energiaren afera Potxoenean

Bi hitzaldi gehiago eskainiko dituzte Potxoenean energiaren gaia lantzeko datozen asteetan. Datorrena hilaren 18an izango da, “Toki-esperientziak energian: Zubieta eta Ispaster proiektuak. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak”. Ispasterrekoarekin (Bizkaia) batera, Zubieta energiaren inguruan egiten ari den lanketa aztertuko dute hitzaldian. Azkena, azaroaren 8an izango da, “Usurbilgo autohornikuntza azterketa” izango du ardatz.

 

Datozen hitzaldiak

Urriak 18, ostirala
19:00 
Hitzaldia Potxoenean: “Toki-esperientziak energian: Zubieta eta Ispaster proiektuak. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak”.

Azaroak 8, ostirala
18:00 Hitzaldia Potxoenean. “Usurbilgo autohornikuntza azterketa”. Hizlaria: Jesus Calvillo.