Herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratuko du Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 09:28

2009an landutako herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana da eguneratuko dena. Faseka gauzatuko den lau hilabeteko prozesua bideratzea erabaki du, abiatu berri den legealdi honetan lehenbiziko aldiz bildu den merkataritza-mahaiak.

Legealdi honetan lehenbiziko aldiz, Udaleko, Hurbilago Elkarteko eta Siadeco-ko ordezkariek osaturiko merkataritza mahaia bildu zen joan den urriaren 3an Potxoenean. Gai ezberdinak hartu zituzten ahotan, baina nabarmentzeko moduko egitasmo bat, udal iturriek NOAUA!ri aditzera eman diotenez; estreinakoz 2009an landutako herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan berezia eguneratu asmo dute.

Hamar urteotan, “hainbat alorretan izan diren aldaketak behatu nahi dira -esaterako, kontsumo ohituren aldaketa, Internetez eta saltoki handietan kontsumitzeko joeraren gorakadagatik. Bestetik, aurrera begira herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko zein bide jorra daitezkeen aztertu nahi dute. Horrela, eskaintzaren, eskariaren eta epe ertaineko balizko garapenaren diagnostikoa egingo dute: azterketa horren emaitzen arabera, lau urterako ekintza plan bat zehaztuko da”.

Jarduera komertziala dinamizatzeko
Faseka gauzatuko den lau hilabeteko prozesua izango da. Herriko jarduera komertziala dinamizatzea izango du helburu nagusia, “Usurbilgo merkataritzak eskaintzen dituen aukerak eta indarguneak baliatuz, batetik, eta horren garapena oztopatzen duten arloen eragin negatiboak ahalik eta gehien murriztuz, bestetik. Egitura publiko-pribatuak sortzea da asmoa, eragileen arteko kolaborazioa sustatzeko. Horrez gain, genero berdintasunerako irizpideak kontuan hartuta egingo da prozesu guztia”.

Lehenbizi Jarraipen Batzordea osatuko dute aipatu mahaiko eragileek. Diagnosia osatuko dute, sektoreko nahiz hortik kanpoko herritar eta eragileekin izandako elkarrizketa eta eztabaida taldeetatik. Informazio kuantitatiboa bildu ostean, jasotako datu guztiekin “herri merkataritzaren ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak ikertuko dituzte”, Udalaren esanetan.

Jendaurreko aurkezpena
Hortik abiatuko dute Jarduera Planaren diseinu lana. “Ardatz estrategikoak eta ekintza zehatzak finkatu ostean”, jendaurrean aurkeztu eta herrian gizarteratuko dute.

Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.