Urtea amaitzerako lan anitzetarako 12 langile kontratatuko dituzte Beterri-Buruntzako udalek

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 09:45

12 kontratazio berri iragarri dituzte urtea amaitzerako Beterri-Buruntzako udalek eskualdeko langabetuentzat. Udal brigadetan aritzeko lan anitzeko operario gisa jarduteko 12 lanpostu. 

Urtea amaitu baino lehen gauzatuko diren 12 kontratazio berriok Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Tokiko Enplegu Planaren diru-laguntzaren baitan bideratuko dituzte, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek. Lanpostu hauetan aritzeko lehentasuna izango dute lan merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboek: "emakumeek, 55 urtetik gorakoek eta DBE hartzaileek".

Urte amaitzerako gauzatuko diren kontratazioak lanaldi osokoak izango dira eta bost hilabeteko iraupena izango dute. Udal bakoitzak beharren arabera zehaztuko du kontratazio kopurua.

Prestakuntza ikastaroa Usurbilen
Zereginotan hasi aurretik, prestakuntzarako egitasmoa ere landu dute Beterri-Buruntzako udalek eta EAGI-k, Eraikuntza Eskolak. 150 orduko iraupena izango duen ikastaro hau Usurbilgo prestakuntza zentroan egingo da, urriaren 28tik abenduaren 11ra. "Hiri espazioen mantenuan eta udal brigaden baitan lan anitzetako operario bezala lan egiteko oinarrizko abileziak eta ezagutzak barneratzea du helburu. 4 arlo landuko dira ikastaro horretan: bide publikoen mantenua, saneamendu sareen mantenua, oinezkoentzako bideak eta espazio publikoen mantenua eta hiri altzarien mantenua", Beterri-Buruntzako udalek berri eman dutenez. 

15 lagunentzako lekua egongo da ikastaro honetan. "Ikastaro honetan parte hartuko dutenen eta ondoren kontratatuko direnen artean erdiak emakumezkoak izatea lortu nahi da", ohartarazi dute Beterri-Buruntzako udalek. Ikastaroa 15 lagunek egin ahalko dute, eta aipatu moduan, urtea amaitzerako "lehen 12 pertsona kontratatuko dira".

Lan deialdia lanbide.eus atarian argitaratu dute eta atari horretan bertan bideratu ahalko dute interesdunek izen ematea.

Informazio gehiago:
usurbil.eus
943 371 951