Larrialdi demokratikoari erantzun bateratua emateko, Gure Eskuk deitutako manifestazioa larunbatean Donostian

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 16a, 11:04

Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak zehaztua du, Espainiako Auzitegi Gorenak 12 buruzagi independentista katalan 100 urteko espetxealdiarekin zigortu ostean, larunbaterako Donostian iragarria zuen manifestazioko hitzordua. Urriaren 19an, 17:30etan abiatuko da mobilizazioa Antiguako tuneletik Bulebarrera. 

"Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna" eta "Defenda dezagun gure etorkizuna, erabakitzeko eskubidea" aldarripeetan barneratuko da Donostian, Gure Eskuk larunbaterako deitutako manifestazioa. "Larrialdi demokratikoari, erantzun bateratua. Epai bidegabea eta haren ondorio larriak salatzeko, datorren larunbatean, MANIFESTAZIOA Donostian", iragarri du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak sare sozialen bidez. 

Astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak, 2017ko erreferenduma antolatzeagatik 12 buruzagi independentista 100 urteko espetxealdiarekin zigortu ostean deitutako elkarretaratzeetan plazaratu zuen Gure Eskuk bere lehen balorazioa. Usurbilgo lan taldeak, Mikel Laboa plazan egin zen elkarretaratze jendetsuan:

GURE ESKUREN ADIERAZPENA
Demokraziaren aurkako eraso larria da gaur Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi duen epaia. 9 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri die, orotara, urriaren 1eko erreferendumarengatik bidegabeki akusatutako Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei.

Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude.

Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu.

Izan ere, etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako. Horregatik diogu, ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ez dugula egin: gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo. Horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari gara, eta aurrera jarraituko dugu: aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin. 

Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziarekin, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dugu.

Injustizia baten aurka, eta oinarrizko eskubideen alde mobilizatu gara gaur. Erreferendumaren kriminalizazioaren aurka, eta herrien eskubide kolektiboen alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde. Gaur mobilizatu gara, eta mobilizatzen jarraitu beharko dugu. Datorren larunbatean, urriaren 19an, manifestazio nazionala egingo dugu Donostian, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik.

Eta besarkada estu bat ere Altsasuko gazteentzat eta haien senideentzat. Altsasukoak ere aske nahi zaituztegu! Nahikoa da!

Bidegabekeriaren aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa. 

Erreferenduma ez da delitua.
Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea.
Kataluniako herritarrok, zuekin gaude!