Maria Jesus Etxeberriaren erakusketa bisitatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 09:08
Maria Jesus Etxeberria, Sutegiko bere erakusketan.

"Natura" izeneko argazki bilduma ikusgai jarria du Maria Jesus Etxeberria usurbildarrak Sutegin. Ostiral honetara arte, urriaren 18ra arte bisitatu ahalko duzue erakusketa kultur etxeko aretoan; arratsaldeetan, 16:30-19:00 artean.

NOAUA! Paisaiaren gaineko argazkiak ateratzea duzu gus- tokoen edo erretratuak eta halakoak ere egiten dituzu?
Maria Jesus Etxeberria: Gustuko dut natura; bai zuhaitzak, bai eguzkia, ibaiak, loreak, ilargia, animaliak... Gustatuko litzaidake erretratuak egitea ere.

Zer erakutsi nahi duzu erakusketarekin?
Eguzkia da naturaren oinarrietako bat; zuhaitzak, lainoak, ibaiak, behe lainoa, animaliak, loreak, euria, elurra... hori guztia barnebiltzen du. Kaleaz gain, herri eta hirietatik urrunduta topatzen ditugun elementuak bildu ditut. Horri guztiari deitzen diot nik natura. Bilduma honetan, Usurbilez gain, Zizurkil, Orio, Zarautz eta Zumaiako argazki bana dago, bai eta Aieteko jauregiarena ere. Inguru hauetako paisaiak agertzen dira.

Argazkiak atera bai, baina editatu ere zuk zeuk egiten dituzu?
Gehienak ateratzen diren bezala uzten ditut. Bakarren bati zuzenketaren bat egiten diot oker ateratzen bada edo. Kolorearen aldetik eta ez dut ezer egiten, ateratzen diren moduan argitaratzen ditut. Filtro bereziak erabiltzen ditut argazkiek kutsu artistikoa hartzeko, eta nire kamerak ateratzen dituen hodeiak asko gustatzen zaizkit. Kolore berezi eta intentsoa lortzen du.

Hemendik kanpo beste nonbait jarriko duzu erakusketa?
Beste argazki batzuk jarriko ditut Zarauzko Euskalduna tabernan. 16 bat argazki prestatuta dauzkat, baieztapenaren zain nago. Egunsentia eta ilunabarraren gainean egindako bilduma da. Elizako dorrearen bueltan kokatzen dira argazki asko, zeruaren kolorea eta dorrearen argien aldea erakusten du. Azaroa hasieran jarriko dut.

Iaz “Eguzkia eta argiaren indarra” erakusketa jarri zenuen. Zer duzu gogoan erakusketa haren gainean?
Usurbilgo elizako dorrea ikaragarri gustatzen zait, Usurbilgo lekurik ederrena da. Horren gainean egin nuen bilduma hura. Itzal eta marra politak sortzen ditu eguzkiak bertan.

EITB-ren “Eguraldia” saiora sarri bidaltzen dituzu argazkiak. Jendeak horregatik badaki nor zaren?
Duela gutxi Andoainen izan nintzen eta hango eliza ikusi nuen. Oso dotorea iruditu zitzaidan eta bost bat argazki atera nizkion. Egun horretan, telebistan jarri zuten haietako bat. Argazki politen bat ateratzen dudan bakoitzean bidaltzen dut. Jendeak ikusten ditu eta askotan galdetzen didate kalean ea argazkirik bidali dudan. Beti esaten didate bidaltzeko, zain egoten direla eta. Duela zenbait urte programa bat egiten zuten, ez EITB-n, “Eguraldia 24 ordu” telebista katean. Bertan argazkiak bidaltzeko eskatzen zuten txapelketa bat egiteko. Hor nire argazkiak argitaratzen hastera animatu nintzen. Txapelketa horretan argazki kamera bat tokatu zitzaidan. Jada horrenbeste erabili dut, zaharkitu samar geratu zait. Lainoen argazkiak oso ongi ateratzen zituen kamera hark. Orain darabilkidanak koloreak asko indartzen ditu.

Argazkilaritza betidanik izan duzu gustoko edo duela gutxiko kontua da?
Duela bost bat urte hasi nintzen argazkiak ateratzen. Lehenago ere tarteka argazkiren batzuk ateratzen nituen, baina ez neukan horrelako jakinmin berezirik.

Ikasketak egin zenituen argazkilaritzaren gainean?
Ikastaro bat egin nuen eskuz kamera erabiltzen ikasteko. Berezi samarra da modu horretan kamera erabiltzea. Zaila iruditu zitzaidan oso. Jakitea garrantzitsua da; baina zaila. Nik argazkiak modu artistikoan edo automatikoan ateratzen ditut. Asko gustatzen zait nola geratzen diren ateratzen ditudan moduan.

Proiektu gehiago badituzu?
Zarauzko erakusketaren ondoren zer egin pentsatzen hasi beharko dut. “Eguraldia” saiora argazkiak bidaltzen jarraituko dudala hori ziur. Agian beste argazki mota batzuk ateratzen hasiko naiz, erretratuak edo argazkiak zuri beltzean.