Tren zerbitzu berezia, Gure Eskuren larunbateko Donostiako manifestaziora

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 18a, 12:04

Urriaren 19an, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Antiguako tuneletik Bulebarrerantz, "erreferenduma ez da delitua. Askatasuna" aldarripean, "procès"-aren aurkako 100 urteko espetxealdira agintzen duen Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bidegabea salatzeko. Eragile politiko, sindikal eta sozialen babes zabala ari da jasotzen deialdia. 

Katalunian egiten ari diren greba egun historikoaren biharamunerako manifestatzeko deia egin du Gure Eskuk Donostian. Larunbat arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Antiguako tuneletik Bulebarrerantz. Antolakuntzak aurreratu duenez, Bulebarreko amaiera ekitaldian parte hartuko du Lluis Llach musikariak.

Tren zerbitzu berezia 16:34 inguruan
Gipuzkoako hiriburura joateko Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskainiko duela iragarri du Gure Eskuk. 16:10ean irtengo da Zumaiatik, 16:48an helduko da Amarara. Tartean diren geltoki guztietan geldituko da zerbitzu hau, baita noski Usurbilgoan ere, 16:34 aldera. Bestalde, manifestazioa dela eta, aldaketak izango dira larunbat arratsaldeko autobus zerbitzuen ibilbidean. Manifestaziora autobusez joan asmo duzuenontzako oharra: "16:30, 17:30 eta 18:30ean, abiatzen diren eta Zumaiatik datozen zerbitzuak Tolosa Etorbidetik, Zumalakarregi Etorbidera, Pio Barojatik Pio XIIra eta Bizkaiko Pasealekutik Federico García Lorcara (Autobusen Geltokiko kanpoko nasa) sartuko dira Donostiara".

Donostiatik Usurbila itzultzeko "18:00 eta 19:00ean Donostiatik abiatzen diren zerbitzuak Federico García Lorcatik, Pio XIIra eta Pio Barojatik Zumalakarregi Etorbidera eta ohiko ibilbidea" hortxe egingo duten ibilbidea.  

Eragile anitzen babesa
"Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna" eta "Defenda dezagun gure etorkizuna, erabakitzeko eskubidea" aldarripeetan barneratuko da Donostian, Gure Eskuk larunbaterako deitutako manifestazioa. "Larrialdi demokratikoari, erantzun bateratua. Epai bidegabea eta haren ondorio larriak salatzeko, datorren larunbatean, MANIFESTAZIOA Donostian", iragarri du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak sare sozialen bidez. 

Eragile Politik sozial eta sindikal anitzek bat egin dute larunbateko mobilizazioarekin; EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek; ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek eta Demokrazia Bai plataformak eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak. Segidan duzue plazaratu duten manifestua:

ERAGILE ANITZEN MANIFESTUA

Lehenik eta behin, gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari. Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzogu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.

Prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da,  eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.

Bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi zaituztegu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.

Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.

Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.

Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago. Horregatik, injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dugu eta, kasu honetan, babesten dugu Gure Eskuk deituriko manifestazioa, Erreferenduma ez da delitu | Askatasunalelopean, urriaren 19an Donostian egitekoa dena.



GURE ESKUREN ADIERAZPENA
Demokraziaren aurkako eraso larria da gaur Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi duen epaia. 9 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri die, orotara, urriaren 1eko erreferendumarengatik bidegabeki akusatutako Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei.

Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude.

Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu.

Izan ere, etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako. Horregatik diogu, ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ez dugula egin: gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo. Horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari gara, eta aurrera jarraituko dugu: aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin. 

Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziarekin, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dugu.

Injustizia baten aurka, eta oinarrizko eskubideen alde mobilizatu gara gaur. Erreferendumaren kriminalizazioaren aurka, eta herrien eskubide kolektiboen alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde. Gaur mobilizatu gara, eta mobilizatzen jarraitu beharko dugu. Datorren larunbatean, urriaren 19an, manifestazio nazionala egingo dugu Donostian, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik.

Eta besarkada estu bat ere Altsasuko gazteentzat eta haien senideentzat. Altsasukoak ere aske nahi zaituztegu! Nahikoa da!

Bidegabekeriaren aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa. 

Erreferenduma ez da delitua.
Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea.
Kataluniako herritarrok, zuekin gaude!