Datorren Mundualdia prestatzeko bilera 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 21a, 09:53

Sorterri guztien topagunean bilakatuko du, azken urteon ildotik ate joka dugun Mundualdia ekimenak. Aurtengoan azaroaren 9an. Mundualdia prestatzeko bilera irekia deitu dute astelehen honetarako, urriaren 21erako, 18:00etan Potxoenean.

Hitzordua arratsaldeko 18:00etan finkatu dute Potxoenean. Ekimena aurkeztu eta antolaketa lanak bideratuko dituzte, irekia izango den bilkura horretan. Sorterri guztietako herritarrak gonbidatuak daude Mundualdia antolatzeko bilkura honetara. Talde argazki bat ere atera asmo dute.

Ia 40 jatorri ezberdin
Mundualdiaren gaineko xehetasunak laster plazaratuko dituzte antolatzaileek. Aipatu moduan, aurtengoan azaroaren 9an ospatuko da, larunbatarekin. Iazko edizioaren atarian, Usurbilen bizi diren jatorri ezberdineko herritarren errealitatea aztertzen zuen Aztikerren ikerlana kaleratu zuen Udalak. 

Udaleko Gizarte Politikak eta Aniztasuna Departamenduaren esanetan, inmigrazioa ez da fenomeno berria gurean. 1950ean Espainiako Estatutik iritsi zen lehen olatua. 90eko hamarkadan hasi zen bigarren olatu nagusia. Olatuak olatu, hauek dira gaur gaurkoz nabarmendu daitezkeen datuak:
- Usurbildar guztien (6.162) % 43a udalerrian bertan jaiotakoa da.
- Usurbilgo herritarren hamarretik zortzi baino gehiago Euskal Herriko udalerriren batean jaiotakoa da (%83,1). "Beraz, datu honek erakusten digu Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren ehunekoa baxua dela".
- Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren artean, kontinenteka, jatorri nagusia Europako Estatu-nazio ezberdinetatik etorritakoena da: guztira 769 herritar dira, eta herritarren %12,6 osatzen dute. Amerikatik etorritakoak 198 dira eta herritarren %3,1 osatzen dute (Ertamerikatik 72, Antilatik 19, eta Hego Amerikatik 107); Afrikatik 56, %0,9 (gehienak Saharaz hegoaldetik eta Marokotik iritsitakoak dira), eta Asiatik 17 (%0,3).
- Beraz, herrialde guztiak kontuan hartuta "ia 40 jatorri ezberdin ditugu Usurbilen".
- Jaiolekua eta sexua alderatuz gero, multzo gehienak orekatuak dira, hau da, gutxi gorabehera emakumezko adina gizonezko bizi dira Usurbilen. Ez da horrela gertatzen beste kontinenteetatik etorritako usurbildarren artean, eta desoreka hori lanpostuaren eraginez gertatzen da. Esaterako, Hego eta Ertamerikatik datozen gehiengoa emakumeak dira (% 61,1), eskaera handia dagoelako hemen zaintza eta zerbitzuekin loturiko lanpostuak betetzeko. Aldiz, Afrika edo Asiatik etortzen direnak, batez ere, gizonezkoak dira, % 64,3 eta % 58,8, hurrenez hurren.  Bestetik, azken urteetan iritsitako migratzaile berrien gehiengoa gaztea da eta lan egiteko adinean etorritakoa. Migratzaile berriek 30 eta 40 urte bitarte dituzte, eta udalerriaren gaztetzea eragiten dute.
- Krisi ekonomikoa dela eta, migratzaileen etorrerak geldialdia izan du, eta azken urteetan lehen aldiz, migratzaileek udalerrian duten pisua jaitsi egin da. Jaitsiera hori ez da Usurbilen bakarrik gertatu, Gipuzkoan ere antzera gertatu da. Hala, Espainian jaiotakoek herritarren % 10,8 osatzen dute, eta munduko beste estatuetatik etorritako herritarrek % 6,1 osatzen dute.