Zubietako erraustegia

Piztear duten erraustegiak eragindako kezkagatik, ama talde baten bularreko esnea ikerketapean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 31a, 11:36

Haur jaio berrien eta amen arteko elikadura, emozio eta hartueman iturri sendoenetakoa den bular esnea ikerketapean da. Ikerketapean, Zubietan piztear duten erraustegiak eragin duen kezkagatik.

Gogoan izango duzue Zubieta Lantzenek erraustegiaren kutsagaiak neurtzeko abian duen ikerlana. Aipatu azpiegitura piztu aurretik inguruotako oilategietan laginak biltzen aritu ziren Holandako Toxicowatch fundazioko bi zientzialari. Erraustegia piztuko balitz, asmoa azterlan hau urtero errepikatzea da. “Bertako laborategi batekin elkarlan estua dute. Hemengo proiektua laborategiari aurkeztu ziotenean oso interesgarritzat jo eta ama-esnearen laginak hartzeak are interesgarriagoa izango litzatekeela aipatu zuten”, adierazi dio NOAUA!ri aipatu Holandako fundazioarekin interlokuzio lanetan ari den herritar taldeko kideetako batek, Maider Usabiagak. Proposamenari heldu eta lanketa bideratzeari ekin zion emakume talde batek Usurbilen. Bazuten kezka ia zer harrera izango zuen ekimenak amen artean. “Ikaragarrizko energia positibo piloa jaso dugu. Denek irribarre batekin erraztasun guztiak jarri dizkigute, oso erraz animatu dira”, aipatu digu Usabiagak. Ama talde batek bere bularreko esnea eman du Holandan ikertua izateko. Berme guztiekin egin da prozedura; eman beharreko urratsak egoki eman dituzte, beharrezko informazio eta argibideak jasotzearekin batera.

Ama talde honen jarrera goraipatu dute. “Oso hartueman intimoan daude etorkizunarekin. Lekzio ederra eman digute”, gaineratu du. Erraustegia piztear duten honetan, “ama hauek erakutsi digutena da hainbeste kezkatu gabe gaiaz okupatu beharra dugula. Gure esku dagoena egin behar dugula”.

Kezkatuak erraustegiaren eraginaren aurrean
Lan polita eta atsegina izan da herriko ama talde batekin izan duten harremana. “Eredu izan dira guretzat”, Usabiagaren esanetan. Tartean ziren lerrootako protagonistak; Koruko Eguren, Lide Arriaga, Onintza Gartzia eta Ainhoa Arrozpide. Iraila amaieran Zubieta Lantzeneko proiektuko parte hartzaileak haiengana jo zutenean, eskuzabalik hartu zuten ekimena, esker onez egitasmoa bideratzen ari den herritar bolondres taldea egiten ari den lanarekin eta gerora jasotako tratu goxoarekin. “Benetan kezkatua nago erraustegiaren gaiarekin, are gehiago orain, umeak izanda. Ideia oso ona iruditu zitzaidan erraustegiak zer neurritan eragingo digun jakitea”, adierazi digu Lidek. “Zergatik ez?” dio Korukok, “nire esku dagoen ekintza sinple batekin agian gauza asko jakin ditzakegu. Gainera, badirudi erraustegia eraikia dagoenez onartu beharra dugula. Aurka egiteko ekintza xume bat izan da”.

Ildo beretik, Onintzaren esanetan, “erraustegia geratzeko lan handia egiten ari dira eta eskertzekoa da. Halako ekimen bat antolatuta, lagundu badezaket aurrera”. Ainhoak adierazi digunez, “lehendik ere oso argi nuen errauste plantak ez diola inongo mesederik egingo” ekonomiari, inguurmenari eta osasunari. Ikerlan honi buruz hausnartuta, “hain da berezia eta onura askokoa bularra ematea bai amarentzat eta haurrarentzat. Asko kezkatzen nau errauste planta batek hori kalte dezakeela pentsatzeak, beste batzuen utzikeria eta arduragabekeriagatik”. Berak argi du “gurasoek utzitako mundu bera edo ahal balitz hobea utzi nahi diot semeari. Eta oso garbi daukat errauste planta honekin ondorengoei ez diedala mundu hobeago bat utziko”. Kezka honek bultzatuta parte hartu du ikerlan honetan eta bularra urtebete ematen segiko balu, “berriro ekarpen hori egingo nuke” adierazi digu.

Behar balitz erraustegiaren eragina frogatzen segitzea beharrezkotzat ikusten dute. Amatasunetik kezka hori bizi asko baitute. Ikerlanak etorkizunean erraustegiak ama-esnea kaltetzen duela frogatuko balu, galdera bat bueltaka ama hauen artean; “hobea izango da formulako esnea bularrekoa baino?”. Hala gertatuko balitz, “gure ondorengoek izango dituzten seme-alabek jaso dezaketen esnearen kalitatean eragingo balu, oso larria litzateke”, Ainhoaren esanetan. “Inpotentzia handia sortzen du haurra jaiotzen den unetik amaren esnea agian kaltetua eman dezakegula pentsatzeak”, dio Korukok. Mingarria eta larria, Ainhoaren esanetan ama-esnea emateko une berezi hau “zapuztu edo kaltegarria izatera iritsi daitekeela pentsatzea, beste batzuen utzikeria eta arduragabekeriagatik. Inork ez du hori kaltetzeko eskubiderik”. Onintzak gaiak duen garrantziaz ohartarazi digu; “bularra ematea erabakitzen duenak sei hilabetez haurrak hori bakarrik hartzen du. Ez du beste aukerarik”.

“Osasun arazoak eragin baditzake, zergatik doa proiektua aurrera?”
Larrialdi klimatikoaren gaia pil-pilean dugun honetan, klima aldaketaren adibide argi bat etxean bertan dugula gogorarazi digu ama talde honek. Eta zentzu horretan, Zubieta Lantzenen “ekimen hau horren aurkako gure ekarpentxoa ere bada”.

Erraustegia eraikia dago, laster piztuko omen dute. Bizi dugun egoeraren aurrean, ama talde honetan behin eta berriz hitz bera aipatzen da; kezka. “Etengabeko kezka” izango dela. “Osasun arazoak eragin baditzake, zergatik doa proiektua aurrera? Hemen bizitzeko baldintzarik egokienetan egongo gara?”, ama taldeak planteatzen dituen kezka gaietako batzuk. Galdera hauek mahai gaineratu orduko, kezkarekin batera inpotentzia sentimendua, haurrei ematen ari zaien ama-esnean eraginik izan dezakeela eta.

Inpotentzia eta mina sentitzen dute amatasunetik, azpiegitura hau martxan jartzera doazela ikusita. “Proposatzen dira alternatibak eta ez dira aintzakotzat hartzen. Zeharo inkoherentea da”, Onintzaren esanetan. Eta “kutsatzea mingarria, erraustegiaren aurrean alternatibak daudenean. Lehendik kezkatua nintzen baina ama naizenetik kezka bat gehitzen zait”. Kezka ahotan gehien hartzen duten hitza, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak azken urteotan kaleratu dituen nazioarteko zientzialari eta aditu ezberdinen ikerlanen aurrean, edota hemendik hurbil, Zabalgarbiko erraustegiaren inguruetan egin diren behaketen emaitza kezkagarrien berri izanda.

“Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu dezala erraustegia geratzen”
Aurrera begira, nola jorratu orain jaio eta urteotan hazten joango diren haurrekin, ikastolatik atera eta herrira jaisterakoan egunero begi bistan duten erraustegiaren gaia? Mingarritzat jotzen duten ikuspegia seme-alabekin ahotan hartzeko uneaz hitz egin digu elkarrizketatu taldeak. “Errauste plantaz galdetuko duten eguna helduko da eta azaldu beharko diegu. Oso kontraesankorra izango da. Etxean gaika bilduko dute, erreus gutxi aterako dute ontzian eta horren parean zer kalte jaso dezaketen oso mingarria izango da”, Ainhoaren esanetan. Erraustegiaren alde egon daitekeen gurasorik balego, “zer erantzungo liekete haurren galdera hauei?” planetatu digute.

Are gehiago orain erraustegia piztear duten unetik aurrera. Ama talde honi garrantzitsua iruditzen zaio, bizi dugun egoeraren aurrean, haiek bezala bakoitzak ahal duen ekarpena egitea. “Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu dezala erraustegia geratzen eta ondokoei errealitatea zein den ikusarazten”, adierazi du Onintzak. Ikusarazte horretan “informatzeko, ez politizatzeko” deia egin dute. Ainhoaren iritziz, egun dugun demokrazia edo parte hartze eredua ere auzitan jarri du gai honek, “ea kudeaketa eredu hau utzi nahi diegun seme-alabei”. Kezka eragiten duen erraustegiarena bezalako gai baten bueltan adostasun zabal bat ez dagoenean, beste era bateko kudeaketa bideratu behar dela uste baitu. Lau urtean behin bozka ematetik haratago, “beste parte hartze prozesuak ireki behar dira. Herritarrak ahaldundu behar gara gai askotan”. 

Kanpaina
Egun gutxi barru amaitutzat emango da Zubieta Lantzenen ikerlanerako asteotan abian izan den crowdfounding bidezko diru bilketa kanpaina. Aste hasierarako jada, 10.745 euro jasoak zituzten. Baina erronka betetzeko laguntza gehiago beharko da; 13.000 eurora heltzeko erronka finkatua zuten arren, ama-esnearen inguurko ikerlan hau finantzatzeko laguntza gehiago beharko da. Bideotatik eman daiteke laguntza:
-Web orria: vkm.is/erraustegiarenkontrola
-Zubieta Lantzen elkartearen kontu zenbakia: ES45 2095 5069 06 1064132086.
-Laguntza biltzeko mahaia Sutegin, azaroaren 1eko Artisau Azokan.