Ucin eta herriko airearen kalitatearen gaiak hizpide, Anerreka Ingurumen Elkartearen gaurko bilera irekian

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 07:18

Berriki Usurbilgo Udalak aurkezturiko aire kalitatearen inguruko azterlana eta Ucinen gaia hartuko dituzte ahotan, azaroaren 7rako 18:00etan Potxoenean deitu duten bilera irekian. 

Anerreka Ingurumen Elkartea herriko lur, aire eta ur kalitatearen alde lan egiteko sortu zen. "Horien inguruan, zer pauso ematen ari garen jakinarazteko bilera irekia egingo dugu azaroaren 7an", aipatu elkartetik ohartarazi dutenez. Hitzordua, ostegun arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Bi gai hartuko dituzte ahotan: airearen kalitatearen datuen azterketa batetik. Bestetik, Ucin, egindako lanez eta aurrera begirako proposamenaz jardungo dute. Bilera irekia izango da, ordubete inguruko iraupena izango duela aurreikusten dute. "Informazioa jaso nahi izan edota ekarpenak egin nahi badituzue, bilera irekira gonbidatzen zaituztegu", adierazi dute NOAUA!ra helarazitako oharrean, Anerreka Ingurumen Elkartetik.

Bilera honen harira, ondoko idatzia helarazi dute Anerreka Ingurumen Elkartetik NOAUA!ra:

Udarregi Ikastolako aire kalitatea kezkagarria
Urriaren 16an aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari eskatutako aire kalitatearen azterketa. Bertan aipatu zen Usurbilen hiru erakunde ari direla airearen kalitatea neurtzen. Horien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz Biodonostia egiten ari den azterketa epidemiologikoaren barruan, airearen kalitatea ere ari dira neurtzen Udarregi ikastolan bertan, bere teilatuan kokatutako neurgailuarekin.

Biodonostiako txostenean jasotzen da ikastolan arnasten den aire kalitateak gainditu egiten dituela Munduko Osasun Erakundeak (MOE-OMS) gomendatzen duen urteroko batez besteko kutsadura-mugak. Zehazki, 2017ko irailetik 2019ko martxora arte PM2,5 kutsatzaileak gainditu egin du Munduko Osasun Erakundeak ezarritako batezbesteko 10 μg/m3 muga. Ikusita 2019ko otsailaren 20, 21 eta 22an neurtutako baloreak 25 eta 32 μg/m3 izan zirela, datu are kezkagarriagoak dira.

Hemen Biodonostiako txostena: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ingurumena/residuos-urbanos/infraestructuras

PMak airean suspentsioan dauden partikulak dira eta jatorri asko izan ditzakete, baina industria eta trafikoa dira nagusietakoak. Bereziki arriskutsuak dira alde batetik, hain txikiak izanda odolera iritsi daitezkeelako; bestetik, pisu txikiagoa edukita luzaroan iraun dezaketelako airean esekita; eta hirugarrenik, konposatu toxikoagoak izaten direlako. PMak arnas-aparatuko gaixotasunen, gaitz kardiobaskularren eta biriketako minbizien eragileak dira.

Biztanle-multzo sentikorrenek –haurrak, adinekoak eta arnas eta bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonak– kutsatzaile horren eragin negatiboak jasateko arrisku handiagoa dute, asma eta alergien handitzea eragin eta arnas aparatua kaltetzen dute.

Arazoari aurre egin beharrean, “lege barrenean” gaudela edo eta beste herri batzuk baino hobeto gaudela entzun izan dugu maiz. Mezu lasaigarriek errealitate latza ezkutatzeko funtzioa baino ez dute.

Horren guztiaren aurrean Anerreka Elkartetik uste dugu egoera larria dela eta denon artean hobetzeko ahaleginak egin behar direla lehenbailehen. Neurketa hauek, egoeraren berri emateaz gain, kutsadura zantzuak daudela esaten digute, eta hori ekiditeko erabakiak hartzeko garaia dela erakutsi ere bai.

Honen harira, aspalditik eta askotan salatu dugu PM2,5 kutsatzailearen jatorri horietako bat UCIN enpresatik ateratzen diren kontrol gabeko keak direla. Astero salatzen ari gara itxi gabeko teilatutik, inongo tratamendu eta kontrolik gabe, ateratzen diren fundizio keak. Nahiz eta 2018an udalak emandako obra baimenean ezarri isurketa gune hori itxi behar zela, gaur egun aginduaren kontra, itxi gabe jarraitzen du. Anerreka Elkarteak behin eta berriz salatzen du egoera hau, egunero ematen dena.

Egoera hau konpontzeko denon arteko kolaborazioa ezinbestekoa da, enpresa barne, baina orain arte ez du horretarako borondaterik erakutsi, udalak ezarritakoari jaramonik egin gabe jarraitzen baitu. Urriaren 16ko bileran udalak adierazi zuen UCINi eskaera luzatuta daukala, bere ke isuriak neurtu eta UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa egiten ari den estudioa osatzeko; ikusi beharko da zein jarrera hartzen duen enpresak eta kolaboratzeko prest dagoen edo ez.

Hau dena jorratu eta informatzeko bilera irekia egingo da azaroaren 7an, osteguna, 18:00etan (Potxoenean).