Berriz ere abisu horian prezipitazio iraunkorragatik 24 orduz, gaur 18:00etatik aurrera

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 9a, 09:59
Artxiboko irudia.

Gogotik bota du eta hala segiko du asteburu osoan. Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara larunbat arratsaldeko 18:00etatik igande arratsaldeko 18:00ak arte. 

"Kantauri isurialdeko zenbait lekutan baliteke 60 l/m² baino gehiago pilatzea 24 orduan. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; prezipitazioa ugaria eta iraunkorra izango da. Baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea", Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez. 

Larunbat honetan Usurbilen, "eguerdi aldera euria urria izango da eta ostarte batzuk agertuko dira; hego-mendebaldeko haizea izango da nagusi eta tenperatura maximoek gora egingo dute. Egunaren amaieran tenperaturak behera egingo du berriro eta euritara joko du. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin amaieran.

Igandean berriz, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria oso sarri eta ugari egingo du. Ekaitzak jo dezake, txingorrarekin batera. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Azken orduotan botatako euri zaparraden erakusle, errioak bildu duen ura. Goizaldean maila horia gainditu du Oriak.



EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Azaroak 9, larunbata
"Euritan esnatu da eguna, baina goizean zaparradak gutxituz eta ahulduz joango dira eta haizeak hego ukitu txiki bat hartuko du; litekeena aterrune batzuk izatea eguerdi partean eta hodeitza zertxobait zulatuagoa agertzea, batez ere barnealdean. Tenperatura maximoak igo egingo dira eta 10-14 ºC artean kokatuko dira, oro har. Alabaina, arratsaldean, fronte berri batekin, haizea ipar-mendebaldetik finkatu eta zakartu egingo da eta eguraldiak okerrera egingo du; zaparradak ugaritu eta mardul botako du. Tenperatura jaisten joango da eta gauean elur-kota 1000 m-ra jaitsi liteke".

Azaroak 10, igandea
"Negu beteko eguraldia. Elur-maila 1000 m-tik behera jaitsiko da, eta litekeena da, oro har, 800-900 m-ren bueltan kokatzea. Zaparradak sarri botako ditu, zenbait lekutan indar handiz, eta noizbehinka ekaitzak joko du eta txingorra botako du, batez ere goizean. Ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da, bereziki kostaldean; itsasoa ere zakartu egingo da. Tenperatura jaitsi egingo da eta maximoak ez dira 10 ºC-ra iritsiko, oro har".

Azaroak 11, astelehena
"Giro hezea, baina euria tarteka eta ahul. Goiz partean, mendebaldeko haizeak hego ukitua hartuko du, eta oro har, ateri eutsiko dio, barnealdean batez ere. Arratsaldean, ordea, euria ugarituz joango da eta haizea ipar-mendebaldetik finkatu eta indartu egingo da. Tenperatura maximoak igandekoak baino 2-3 ºC altuagoak izango dira. Elur-kota 1000 m-tik 1400 m-ra igoko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus