[Mundualdia] Zirimarak jolasean eta dantzan bat egin du sorterrien jaialdiarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 10a, 19:15

Tarteka guraso eta haurrentzat antolatu ohi duten familia plan bereziarekin, herri kiroletan jolasean aritu dira guraso eta haurrak, eskuz esku. Eta segidan, azken asteotan landutako munduko dantzen erakustaldira gonbidatu dituzte gaztetxoek haien gurasoak.

Mundualdiko baloreak belaunaldi berriei helarazteko egun aproposa izan da larunbat honetako jaialdia. Usurbilgo sorterriak bildu dituen hitzorduarekin bat egin dute baita eskolaz kanpoko kirol ekintzak eta aisialdia lantzen duten Zirimara egitasmoko kideek; dantzan eta jolasean.

Jolasean girotu baitute Mundualdiaren hasiera. Herri kiroletan aritu dira frontoian. Haurrak lehenik, baina gurasoekin batera, eskutik segidan. Udarregi Ikastolak, NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak sustaturiko proiektuak tarteka (Andatza Egunean, Inauteri Festan edo iazko Erle Egunean egin bezala) antolatzen dituen familia plana ospatu dute modu honetan, guraso eta haurrek.

Lehenbizi aipatu moduan, lehia baztertu eta belaunaldi arteko elkarlana sustatzen zuten herri kiroletako jolasen bueltan. Mundualdia hasi berritan, Orbeldikoen laguntzaz azken asteotan lantzen aritu diren munduko dantza ezberdinak plazaratu eta gurasoak ere dantzara animatu dituzte. Giro ederrean borobildu du Zirimarak, oraingoan Mundualdiari lotu dion familia plana.