[Mundualdia] Agurtzane Solaberrieta: "Aniztasuna ez da mehatxua, aberastasuna da"

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 10a, 19:21

Udalerri honetako aniztasuna egoki kudeatu eta bizikidetzan sakontzeko erronkaz eta 60. hamarkadaren bueltan gure artera heldutako migranteei aitortza eginez hasi du Mundualdia Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak.

Aurtengo Mundualdiak aurpegi berriak izan ditu; tartean, maiatzeko udal hauteskundeetan hautatua izan zen alkate berriarena. Urtero moduan, larunbat honetako jaialdian ere Agurtzane Solaberrietaren agurrarekin hasi da jaialdia. 

Sortzez Santuenekoa, "migratzaileen auzokoa, Tangerrekoa, halaxe deitzen zioten" bere auzoari. Bertara edota Gipuzkoako beste hainbat lekuetara 60. hamarkadaren bueltan heldutako migranteei aitortza egin nahi izan die Solaberrietak Mundualdiaren hasiera ekitaldian. "Frankismo garaian, Extremadurako biztanleria ia erdiak migratu egin behar izan zuten eta migratzaile olde handi batek Gipuzkoa hartu zuen destinotzat... 1936ko gerrako galtzaileak ziren, diktaduraren biktimak eta guzti guztiak krisi ekonomikoaren eta kapitalismo gordinaren biktimak ziren. Ohituta zeuden bazterketa sozialera, hemen gainera arrazismoa ere ezagutuko zuten. Migrazio fenomenoetan hizkuntzen auzia sarritan izaten da gatazka iturri. Eta halaxe gertatu zen geurean ere. Euskara ez jakitea leporatu eta migrazioak berekin eraman ohi dituen estigmak zeramatzaten soinean; kazereñoak ziren, jentilizio hutsa zena irain bihurtuz, mantxurrianoak, belarrimotzak, maketoak, hezurbeltzak ziren".

"Migratzaileak desterratuak ere badira"
2019ko Mundualdiak hain zuzen, modu berezian tarte berezia eskaini nahi izan die penintsulako herri ezzerdinetatik etorritako lagunei. "Aurtengoan toki berezia egin nahi diegu herrialde katalan, Galiza edo Extremaduratik hona etorritako herritarrei. Doakie nire aitortza. Asko ez zineten euskaldundu, baina eskerrik asko, euskara, kultura, ezkerreko balioak eta Euskal Herria geureganatu genitzan egindako esfortzuagatik. Sustraiak han bai baina guk, zuen seme-alabak hemen sustraitu gintezen egindako ahaleginagatik", adierazi du Usurbilgo alkateak.

Haiek bezala, munduko txoko ezberdinetatik etorritako herrikideei buruz nabarmendu nahi izan duenez, "beti dago arrazoi bat atzean, istorio bat, baina beti helburu bera; euren jatorrizko herrialdeak eman ezin izan dion bizibide hobe bat topatzea. Beraz, kasu askotan esango nuke, migratzaileak desterratuak ere badirela. Ez baitute eurek aukeratu sorterritik joatea, beste aukerarik ezean egin duten hautua izan da. Eta halaxe ekin izan diote sorterria atzean utzi, lur ezezagunetara bidaia".

Legealdiko erronka, "bizikidetzan sakontzea"
Egun sorterri anitzetako herritarrena dugu Usurbil. Errealitate anitz honen aurrean, "ez dut dudarik, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta oro har identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia dela gizartearentzat, eta noski baita Usurbilentzat ere".

Erronka honi heltzeko abiapuntua argi utzi zuen; "aniztasuna ez da mehatxua, aberastasuna da. Hortaz, gure herri eta auzoetako aniztasuna, kohesio sozialerako elementu bilaka dadin, aniztasuna modu egokian kudeatu behar da. Plangintza, edo bide-orria behar dugu. Eta horixe da legealdi honetan gauzatu nahi dugun proiektu garrantzitsuetako bat, inbertsiorik potoloena, esango nuke nik; bizikidetzan sakontzea. Horretarako ezinbestekoak ditugu aniztasuna balio positibo moduan sustatuko duen herri ikuskera, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen udal jarduna, eta baita elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak ere. Hain zuzen ere gaurkoa horietako bat da", alkatearen esanetan. 

Mundualdia, egunerokoan
Mundualdia ordea eremu honetan egiten den ekimen isolatua ez izateko desioa plazaratu du Solaberrietak, bizikidetzan sakontzeak esan nahi duena nabarmentzearekin batera. "Guk irudikatzen dugun Usurbil kolore askotakoa da. Herri euskalduna bai, baina kulturen arteko errespetuan eta elkarbizitzan oinarritzen dena. Behar handia dugu elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko. Elkarrekin bizitzea ez baita espazio fisiko bat partekatzea, bizikidetza zerbait gehiago da. Elkarrekiko errespetua, elkarri laguntzea, enpatizatzea, eta eguneroko bizitzan bidelagun izatea. Horregatik nahiko genuke gaurkoa ez izatea ekintza solte eta isolatua, eta balio dezala gure kontzientziak astintzeko eta elkarrengana gerturatzeko".