2020ko udal aurrekontuak aurkezteko lehen bilera gaur 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 12a, 09:48

Azaroaren 12tik 20ra, 2020ko udal aurrekontuak aurkeztu eta herritarren ekarpenak biltzeko bira iragarri du gobernu taldeak Kaxkoan, Kalezarren, Zubietan, Txokoalden, Santuenean, Aginagan eta Munalurran. Hasteko gaur (azaroak 12) lehen bilera irekia 19:00etan Potxoenean.

Auzo nahiz herri guztiotan aurkezpen saio bana iragarri du udal gobernu taldeak. Ez soilik urte berriko aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu, baita herritarren iritzi nahiz proposamenak biltzeko ere. "Parte hartu eta egin zure ekarpena!", luzatu du gonbita udal gobernu taldeak.

Aurreko urteen ildotik, lehenbizi herritar nahiz eragileei aurkeztu eta haien guztien ekarpenez hornitu nahi ditu udal gobernu taldeak landuak dituen 2020ko aurrekontuak. Eragile nahiz herritarren ekarpen guztiok batuta, aldaketarik ez bada, hilaren 22an Ogasun Batzordeak diktaminatu, eta abenduan ez, aurten azaroaren 28an egokituko litzatekeen osoko bilkuran hasieraz onartzea bozkatuko du udalbatzak. Gero alegazioetarako 15 eguneko tartea zabalduko da, behin betiko onartu aurretik.

2020ko UDAL AURREKONTUAK AURKEZTEKO BILERA SORTA
Azaroak 12, asteartea
19:00 Kaxkoko aurkezpena Potxoenean.

Azaroak 13, asteazkena
19:00 Kalezarreko aurkezpena Haur Eskolan.
19:00 Zubietako aurkezpena Kaxkapen.

Azaroak 19, asteartea
19:00 Txokoaldeko aurkezpena Erroizpe elkartean.
19:00 Santueneko aurkezpena auzo elkartearen egoitzan.

Azaroak 20, asteazkena
19:00 Aginagako aurkezpena ludotekan.
19:00 Munalurrako aurkezpena Eguzki elkartean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.