Larriki gaixo diren presoen eskubideen aldeko sentsibilizazio ekimenak Buruntzaldean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 12a, 10:48

Larriki gaixo diren 21 euskal presoen errealitatea plazaratu eta haien etxeratzea galdegingo duen Sareren anbulantzia bat ibiliko da 15 herrietan. Datorren astean Buruntzaldeara helduko da eta hainbat ekimen deitu dituzte, tartean hilaren 24rako Usurbilen.

Larriki gaixo dauden 21 euskal presoen eskubideen eta haien etxeratzearen aldeko ekimen astea aurkeztu zuten  bart Buruntzaldeko herrietako Sare taldeek, Lasarte-Oriako Okendo plazan. Plazaratu nahi duten errealitatea ezin egokiago sinbolizatzen duen anbulantzia baten aurrean egin zuten aurkezpena. Anbulantziako aldarriak argi zioen: "Larriki gaixo dauden presoak etxera!". 

Anbulantzia hauxe herriz herri ibiliko da asteotan. Datorrenean Buruntzaldean barrena, Lasarte-Orian, Hernanin eta Usurbilen. "Gure esku balego, 21 preso hauek ez lirateke dauden moduan egongo, legeak dioena beteta osasun eskubidea badutelako, kalean egongo lirateke. Anbulantziaren ondoan gaude herriz herri anbulantzia ibiliko delako eta 21 kasu hauek kaleratu egingo ditugu, ez dagoelako gure ustez kasu horiek horrela jarraitzeko eskubiderik eta giza eskubideak eta osasun eskubidea aintzat hartzen bada, 21 herritar preso horiek kalean egon beharko lutekelako", Sareko kideek Lasarteko agerraldian nabarmendu zutenez.

Ekimen guztiak eskualde mailakoak izango direnez, "animatu nahi dugu Buruntzaldean bizi den herritar orok parte har dezan eta larriki gaixo dauden presoak etxera ekar ditzagun lehenbailehen, urgentea da!".

Lasartetik Hernanira eta Hernanitik Usurbila
Aipatu moduan, Buruntzaldean barrena ibiliko da Sareren furgoneta hurrengo astean, larriki gaixo diren presoen errealitatea salatzen. Eskualdean badira gaixo diren hainbat preso: Lasarten, "Ibon Fernandez Iradi dugu esklerosi anizkoitzarekin. 16 urte kartzelan eta horietatik 8 gaixotasun larri horrekin. Ez dago behar bezala artatua, ez bitarteko ezta terapia aldetik ere. Ez da behar den ingurunean bizi, horregatik eskatzen dugu etxera etortzea".

Hernanin, Gari Arruarte dute, espondilitisarekin Almeriako espetxean preso. "Behar duen tratamendua jaso dezan urgentea da handik ateratzea", Sarek nabarmendu duenez.

Giza eskubideak, konponbidea, bakea aldarritzat hartuta, bost urteko ibilbidea jorratu du jada Sare Herritarrak. "Kontsentsu zabalak lortu ditugu Euskal Herriko jendartean bai sindikatu, alderdi, gizarteko eragile eta administrazioan ere bai. Horiek martxan jartzea nahi dugu, eragileetan txertatzea, akordioetan, gobernu programetan. Orain behar ditugu irtenbideak. Urgentea da, preso gaixoentzat, sakabanatuak daudenentzat, urte asko dituztenentzat, astebururo seme-alabak bueltaka dituztenentzat".

LARRIKI GAIXO DIREN PRESOEN ALDEKO EKIMEN ASTEA BURUNTZALDEAN
Azaroak 19, asteartea
19:00 Hitzaldia Lasarte-Oriako kultur etxeko hitzaldi aretoan, Sareko bozeramaile Joseba Azkarragarekin eta 30 urtetik gora kartzelan egin dituen Joxe Ramon Abetxuko preso ohiarekin.

Azaroak 22, ostirala
Sareren anbulantzia Lasarte-Orian. Mobilizazioa.

Azaroak 23, larunbata
13:00 Sareren anbulantzia Hernanin barrena ibili ostean, elkarretaratzea eta performance-a Plazaberrin.

Azaroak 24, igandea
13:00 Sareren anbulantzia Usurbilen. Ekitaldia Mikel Laboa plazan, osasungintzako langileekin.

Deitzailea: Sare.

 
SAREREN ADIERAZPENA
Larriki gaixo dauden presoak etxera!
Egun 21 dira larriki gaixo diren euskal presoak. Preso hauek pairatzen duten gaitzari ezohikoa den espetxe politika baten baitan egin behar diote aurre, espetxeak berak osasunaren zaintzari dagokionean sortzen dituen zailtasunei, bestelako batzuk gehituz. Tartean, gaixotasunaren jarraipena egiteko konfiantzazko medikurik ez izatea edota, lege arruntak jasotzen duen moduan, gaixotasunaren larritasunaren aurrean, etxean artatua izateko eskubidea ukatua izatea.

-Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika: isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze-politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu.

-Gaixo diren presoen kasuan gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.

-Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak (masifikatuak, birus eta izurriteen zabalpenerako aproposak, zikinkeria pilatzen den gunea), medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute.

-Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere.

-Ezin dugu segurtasun politiken aitzakia pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.

-Salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean larriki gaixo diren presoak heriotzara kondenatuak izaten ari dira.

Horren erakusle da, orain artean preso hauen etxeratzea soilik gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean gauzatu izana. Horregatik, dei egiten dizuegu salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitzeko aldarriarekin bat egitera; espetxea ere gure gizartearen zati izanik, guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera aldatzea.

Sare