2020ko Euskaraldia prestatzeko bilera irekia 17:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 12a, 09:31

Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordeak bilera irekia deitu astearte honetarako (azaroak 12) 17:00etan Potxoenean. Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ekitaldiak eta Euskaraldiaren lehen urtemuga hartuko dute ahotan.

2020ko Euskaraldirako izena emana du Usurbilek eta orain bai, hurrengo urteko ediziora begirako prestaketa lanak martxan dira ofizialki. Baina aurrez, estreinako edizioa guztiz borobiltzeke dugu. Iazko Euskaraldiak Usurbilen zer nolako arrastoa utzi duen jakitear gara. Gogoan izan, Usurbilgo Udalak Soziolinguistika Klusterrari Usurbil mailako azterlana enkargatu ziola. Milatik gora Ahobizi eta Belarriprestok Euskaraldia aurretik, amaitu berritan eta hiru hilabetera osatu genituen galdetegietan oinarritu duten ikerlana aurreko astean aurkeztu zuten, 2020ko edizioaren gaineko xehetasunak plazaratzearekin batera. Egunotan eskaini dizkizuegu xehetasunak.

Euskaraldia, datozen deialdiak
-Lau lan talde osatu dira, entitateez, ekintzez, komunikazioaz eta koordinazioaz arduratzeko. Lan taldeetan izena emateko helbide honetako galdetegia bete: https://forms.gle/urLU7xxi26Jdc6RX7
-Batzorde orokorraren hurrengo bilera irekia, azaroaren 12an 17:00etan Potxoenean.
-Azaroaren 29tik abenduaren 3ra: 2020ko Euskaraldirako girotu eta Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldi sorta.
-Argibide gehiagorako: usurbil@euskaraldia.eus / usurbil.euskaraldia.eus

Arrasto nabarmena Euskal Herrian
Zenbakitan oso argi azaldu zuten sustatzaileek, Euskaraldiak iraun zuen "11 egunetan 20 puntu igo da euskaraz dakitenei euskaraz egiteko joera". Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera, "abiapuntuko maila baino 5,6 puntu gorago geratu da". 

Hala diote Euskaraldiko sustatzaileek iazko urte amaieran 225.154 lagunek Euskal Herrian egin zuten ariketa kolektibo hari buruz egin duten ikerlanaren emaitza nagusiek. Gogoan izan, ikerketak hiru fase izan zituen; Euskaraldia abiatu aurretik, amaitu berritan eta handik hiru hilabetera egin zuten neurketa, ekimenak parte hartzaile izan zituen Ahobizi eta Belarriprest-ei helarazi zitzaizkien galdetegien bidez.

Hizkuntza ohiturak euskalduntzea zuen xede nagusia Euskaraldiak. Helburua bete den edo ez, plazaratu berri den ikerketak argitu digu. "Euskaraldia gai izan da hainbat harremanetan hizkuntza jokaera berriak finkatzeko".

Gipuzkoa, gazteak eta Belarriprest-ak
Herrialdeka, euskara gehien Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian erabili da. Aldiz, erabileran hazkunde handiena, "euskaraz gutxien erabiltzen zutenak zeuden eramuetan nabaritu da, Araban, Bizkaian eta Nafarroan". Adin tarteei erreparatuz gero, gazteak nabarmentzen ditu ikerketak. "16-24 urte arteko gazteak Euskaraldian zehar euskara erabiltzeko joera handiena erakutsi dutenak izan dira, baina era berean horiek izan dira Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera jaitsiera handiena izan dutenak ere". 

Ahobizien parte hartzearekin batera, Belarripresten irudia ere goraipatzen du Euskaraldiko ikerketak. "Euskaraldiak Belarripresten jokaera aktibatu du beren konpromisoak eskatzen zuenetik harago, Euskaraldiari esker euskara gehiago erabili baitute". 

Euskaraldiaren indarguneei dagokienez, parte hartzaileek haientzat jabekuntza ariketa izan dela diote. "Ohartu dira norberak uste baino gutxiago erabili ohi duela euskara, bai eta inguruan dauden euskaldunak uste baino gehiago direla ere. Taldetasuna sortu da, eta parte hartzaileek babesa sentitu dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean".

Halere, Euskaraldiko mezuak euskal komunitatetik erdaldunera behar bezalako jauzia ez duela eman ohartarazten du. "Bestetik entitateen aldetik engaiamendu falta sentitu duenik ere bada. Ekimenari babesa agertu arren, hizkuntza erabileran aurrerapauso handirik ez dute erakutsi entitate horiek praktikan".

Emaitza hauek aztertu eta hurrengo ekimenetarako ikasgaiak ateratzeko gonbita luzatzearekin batera, ikerketak 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den bigarren Euskaraldira begira jarri nahi gaitu.  "Orduan izango dugu aukera ikerketan ikasitakoak praktikan jartzeko. Eta bitartean eutsi diezaiogun denok herriz herri antolaketa lanei".

EUSKARALDIAREN GAINEKO IKERKETA
Euskaraldia noiz izan zen: azaroak 23-abenduak 3.
Parte hartzaileak: 225.154 Euskal Herri osoan.
Ikerketan parte hartu zuen herritar kopurua: 18.383. 
Parte hartzaileek egin zutena: 3 galdetegi osatu. Lehenengoa Euskaraldia hasi aurretik, bigarrena amaitu berritan eta hiru hilabete beranduago azkena.
Oharra: galdetegiekin batera, Euskaraldiko ikerketaren egileek, 20 herri hautatu eta bertako antolatzaile eta herritarren artean, 453 lekukotza bildu zituzten.

INFORMAZIO GEHIAGO...

Euskaraldiko ikerketaren txosten osoa hemen: euskaraldia.eus/wp-content/uploads/2019/09/Txostena_EUS.pdf
Informazio gehiago: euskaraldia.eus