Zuberoako tokiko produktuak eskuratuz, bertako ikastolak laguntzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 13a, 08:44

Xiberotarrek mimo handiz ekoitzitako produktudun otarrak eskuratzeko aukera izango dugu beste urte batez Usurbilen, Nafartarrak taldekoen eskutik. NOAUA! bidez eskatu eta abenduaren 15eko San Tomas Azokan jasoko dituzue. Otarrok erosita, Xiberoako euskara eta ikastolen biziraupena bermatzen lagunduko duzue.

Urte amaierarekin batera bueltan datorkigu Xiberoako ikastolak laguntzeko elkartasun kanpaina. Iaz guztira, 1.400 saski saldu eta 15.000 euroko laguntza jaso zuten. Usurbilen marka guztiak hautsi zituen elkartasun kanpainak; guztira 114 Ahüzki eta 245 Irati otar saldu ziren.  

2003an martxan jarritako ekimen honen sustatzaileek egunotan nabarmendu dutenez, "Zuberoan ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri guztiko elkartasuna ezinbestekoa zaigu". Bi ikastola ditu egun Zuberoak: 36 ikasle dituena Alozen eta 103 ikasle dituena Sohütan. Euskarak babes ofizialik ez duela eta etxeko transmisioa eteten ari dela ohartarazten dute.

Elkartasun kanpaina honek berebiziko garrantzia du beraz. Ohi bezala, Usurbila Nafartarrak taldearen eskutik heldu da. Otarrak NOAUA! bidez eskatu ahalko dituzue; Bordaberri 3ko kultur elkartearen egoitzara etorri eta zuen izen abizenak, telefono zenbakia eta eskuratu nahi duzuen otar kopurua zehaztu. Otarrak, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko abenduaren 15eko San Tomas Azokaren baitan Nafartarrak taldeak jarriko duen postuan banatuko dituzte. Ohi bezala, azokaren amaieran Xiberoko ikastolentzat bildu duten laguntzaren berri emango dute.

XIBEROAKO PRODUKTUDUN OTARRAK 
Irati

Produktuak: ardi gazna (450 g), ahate gibela (125 g), bixkotx poltsa bat artisanala (150 g), eztia (500 g), euskal xerriki lukainkak (400 g), axoa xahalki xehatua saltsan (640 g).
Prezioa: 52 euro.

Ahüzki
Prezioa: 40 euro.
Produktuak: ardi gazna (450 g), ahate gibela (125 g), bixkotx poltsa bat artisanala (150 g), eztia (500 g), euskal xerriki patea (200 g), euskal xerriki odolkia (200 g).

Informazio gehiago: ikaskoli.eus